Deep Sea. Sakontasunera bidai bat (Tian Xiao Peng, 2024) filma ostiral honetan estreinatuko da Hego Euskal Herriko hainbat aretotan, Zinema Euskaraz programaren eskutik. Publiko orokorrari bideratuta dagoen film txinatarra euskarara bikoiztuta ikusi ahal izango dugu.
Shenxiu, txikitan amak bakarrik utzi zuen neskatoa, itsas bidaian joaten da familiarekin oporretan. Gau batean, itsasotik etorritako dei bati jarraituz, itsaspeko zahar batean dagoen jatetxe dotore batean amaitzen du. Neskatoak ez du susmatzen horrek guztiak amarekin zerikusirik duenik.
Filma, ondorengo ziema-aretoetan ikusi-ahalko da: Golem Alhondiga (Bilbo), Getxo Zinemak (Getxo), Zugaza Zinema (Durango), Florida Zinemak (Gasteiz), Gorbeia Zinemak (Gasteiz), Niessen (Errenteria), SADE Cines (Donostia) eta Golem La Morea (Iruña).
Estreinaldia, euskaraz
Zineuskadik sustatutako Zinema Euskaraz programaren barruan aurten euskaratutako laugarren filma da honakoa. ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko helburua du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak bultzatutako programa honek, eta haur zein gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketaz arduratzen da, zinemagintzan euskararen hedapena bultzatzearren.
Dagoeneko hurrengo estreinaldiak izango direnak ere iragarri dituzte: Jungle Bunch 2, maiatzaren 24an, eta Robotia ekainaren 7an.