1970etik 2005era bitarteko ikus-entzunezko esperimentalen euskal ondarea berreskuratzeko asmoa du Arte Ederren Fakultateko Akmeka ikertaldeak. 732 pieza ditu artxiboak gaur egun, tartean daude Euskal Herriko 65 egile edota kolektiboen sorkuntzak.
UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Akmeka ikerketa-taldeak Euskal Herriko eta Espainiar Estatuko artisten bideo-esperimetal biltzeko proiektua du esku artean. VideoFlux izenena dauka, eta 1970etik 2005era bitarteko ikus-entzunezko euskal ondarea berreskuratzea da helburua; gaur egun, formatu analogikoko 732 pieza barneratzen ditu ezaugarri horiek dituen Euskal Herriko artxiborik garrantzitsuena denak.
Pablo Maraví Martínezen ‘Pérdidas de generación: de la historización del videoarte en el Estado español a la arqueología videográfica en Euskal Herria’ doktorego tesiaren luzapen gisa jaio da proiektua, eta artxiboaren egileak diren Libe Belandia Juaristi, Gabriel Villota Toyos, Fito Rodríguez Bornaetxea eta Natxo Rodríguez Arkaute ikertzaileekin batera ari da VideoFlux proiektua aurrera eramaten. Besteen artean, Euskadiko Filmategiaren, Elias Querejeta Zinema Eskolaren edo Audiovideorestauración enpresa galiziarraren laguntza dute ere.
Bizkaiko Campuseko Maria Goyri eraikinean dago artxiboa kokatuta, eta Arte Ederren Fakultateko funts historikoak, Bosgarren Kolektiboaren artxiboa (Tolosako Bideoaldiaren lau edizioak antolatu zituen taldea) eta ikus-entzunezko material berriaren ekarpen puntualak barneratzen ditu.
Ahanzturatik ateraz
70eko, 80ko, 90eko eta 2000ko hamarkadetako lanak biltzen ditu artxiboak, Lauzirikaren esanetan, “dagoeneko artearen historiaren parte diren piezak, teknologia praktika artistikoan txertatu zen garai baten lekukoak”. Tartean daude Euskal Herriko 65 egile edota kolektiboen sorkuntzak. Besteak beste, Juan Carlos Eguillor, José Ramón Sáenz Morquillas, Txupi Sanz, Isabel Herguera, Ramón de Vargas, Bego Vicario, Estíbaliz Sádaba, Beatriz Silva eta Josu Rekalde bideoartisten lanak aurki daitezke; Goya sariak, Estatuko eta nazioarteko sariak, Gure Artea sariak eta beste sari batzuk jaso dituztenenak.
“Bideoak ikus-entzunezko piezak egiteko aukera gizarteratu zuen aldi horretan, Euskal Herria eremu bereziki emankorra bilakatu zen, Arte Ederren Fakultateko ikus-entzunezkoen espezialitateari esker (Estatuan aitzindaria), Artelekuk material horiekin lan egiteko ematen zituen erraztasunei esker edo Gasteizeko Irudiaren eta Teknologia Berrien Zentroari esker. Ondorioz, ikus-entzunezkoen sortzaileen hainbat belaunaldi sortu ziren, eta pieza esperimentalen, animazioen, bideoklipen eta abarren ekoizpen zabala”, azaldu du Lauzirika Arte Ederren Fakultateko irakasleak eta Akmeka ikertaldeko zuzendariak.
Aldiz, “bideoak praktika artistiko garaikideen garapenean garrantzi handia” izan zuela baderitzo ere, ekoizpen horien zati handi bat “ahaztuta eta galtzeko arriskuan” egon dela ohartarazi du EHUko ikerlariak. Bide beretik jo du Mariví Martínezek: “Biltegiratzeko gailu elektromagnetikoen hauskortasunak eta izaera efimeroak (inoiz ez dira egon pentsatuta informazioa epe luzean gordetzeko) eta erakundeek material horiek kontserbatzearekin lotutako arazoaren aurrean izandako interes faltak arrisku larrian jarri dute Euskal Herriko memoria artistiko-historikoaren zati bat”.