Hiru minutu edo gutxiagoko iraupena duten eta telefono mugikorrekin grabatutako mikrofilmak ekainaren 17ra arte aurkez daitezke. Berrikuntza gisa, euskal sortzaileek sortutako bost lan ere erakutsiko dituzte, lehiaz kanpo.

eusko label mikrofilm lehiaketa 2024-zinea

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako produktuak zinemaren bitartez zabaldu, eta bertako nekazaritza, abeltzaintza zein arrantza jasangarria bultzatzeko eta ezagutarazteko asmoz, Donostia Zinemaldiak Eusko Label mikrofilm laburren bigarren deialdia iragarri du. Eusko Jaurlaritzarekin batera -HAZI Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren enpresa publikoaren bidez- antolatutako lehiaketa da, eta 6.000 euro eta 4.000 euroko sari bana banatuko dituzte.

Gehienez hiru minutuko iraupena duten lanak aurkeztu daitezke aurten ere, eta horiek telefono mugikorrekin grabatuta egon behar dira. Eusko Label sailaren baitako xedeekin lotutako sorkuntzak soilik onartuko dituzte, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako landa-inguruneak, kostaldeak eta lehen sektoreak hiri-gizarteari egiten dion ekarpenari buruzko mezu positiboak zabaltzen dituztenak alegia.

Izen-ematea Donostia Zinemaldiaren webgunetik egin beharko da, eta interesa dutenek ekainaren 17a dute mikrofilmak aurkezteko epea zabalik. Jasotako lanen artean,  jaialdiko Hautespen batzordeak sei aukeratuko ditu, eta adituek osatutako epaimahaiak ebatziko ditu bi sariak: lan onenak 6.000 euro jasoko ditu; bigarrenak 4.000 euro. Bi film garaileak Zinemaldian emango dira, eta sariak amaierako galan banatuko zaizkie.

HAZIren balioak zabalduz

Berritasun gisa, Eusko Label saileko bigarren edizio honetan lehiaz kanpo hainbat lan erakutsiko dituzte. Donostia Zinemaldiak ospe handiko euskal zinemagileei HAZIren balioak sustatzen dituzten bost film labur sortzeko gonbita luzatu die, eta ikusgai izango dira 72. jaialdiaren baitan.

Adierazi dutenez, Zinemaldia film labur horien eskubideen jabe izango da, eta Estatuan eta nazioartean zabalduko ditu Eusko Label ekimena Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik kanpo ere ezagutarazteko.