Azken urteekin alderatuta hirukoiztu egin da aurrekontua, 4,60.000 euro izango dira euskarazko proiektuentzako. Herri ekimenak adierazi du “bide egokian emandako pausoa” dela. ‘Aldatu gidoia euskararen alde’ lelopean Gasteizen egingo den mobilizazioarekin bat egin dute ere.
Eusko Jaurlaritzak ikus-entzunezkoen ekoizpenerako diru-laguntzak onartu ostean, Pantailak Euskaraz plataformak ebazpenaren balorazioa egin du. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 7.280.000 euro bideratuko ditu deialdi honetara, aurreko ekitaldian baino 4,8 milioi euro gehiago, bada, euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko herri ekimenak “bide egokian emandako pauso hau positiboki baloratu” du. Hala ere, azpimarratu du “euskarazko ikus-entzunezko industria biziberritzeko, datozen urteotan baliabideak biderkatzen jarraitu beharra” dagoela.
Azken urteetan euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena, eta bereziki fikzioarena, “hilzorian” egon dela gogoraraziz, Pantailak Euskarazek tentuz aztertu ditu Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzak, eta “oraindik ere Euskal Herri osoko erakundeek egiteko lan handia” dutela ohartarazi du. “Beharrezkoa da, besteak beste, atzerriko edukiak euskarara bikoizteko diru-laguntza lerroak sortzea, euskaldunok zinemetan bizi dugun diskriminazio egoerarekin amaitzeko arauak onartzea, ETBn euskara eta euskarazko kultura erdigunean jartzea, diru publikoz egindako bikoizketak streaming plataformetara bidaltzea, euskal ikus-entzunezkoen eta komunikazioaren Legeak garatzea…”.
Hainbat urtez izoztuta mantendu da aurrekontua (2,4 milioi euro inguru; % 70etik gora, gaztelaniazko proiektuetara bideratuta), eta ikus-entzunezkoek herritarren bizitzetan duten geroz eta pisu handiagoaren jakitun, Pantailak Euskarazek hiru urte daramatza erakundeei diru-kopurua igo dezaten eskatzen. Aurten iritsi da aldaketa, zenbatekoa hirukoiztuz: 2,4 milioi eurotik 7,28 milioira pasatu dira; kopuru horretatik erdia baino gehiago, 4,60.000 euro, euskarazko proiektuentzako izango da.
Bada, igoera honekin, egoera iraultzea espero du Pantailak Euskarazek, izan ere, euskarazko fikzio berririk ez da ia estreinatu azken urteotan: “Hau benetan kaltegarria izan da euskara zinemaren eta ikus-entzunezko plataformen mundu berrituan kokatzeko”. Datuei erreparatuz, hizkuntza koofizialean ekoitzitako ikus-entzunezkoetara diru gutxien bideratu duen administrazioetako bat Euskal Autonomia Erkidegoa izan dela zehaztu du herri ekimenak. 2023an 650.000 euro jaso dira ICAAtik; alderaketa eginez, Kataluniak 7.000 euro jaso ditu, Valentziak 1.450.000 euro eta Galiziak 830.000 euro.
📡 ADI! @Gob_eus|ek euskarazko ikus-entzunezkoak ekoizteko laguntzak handitzea lortu dugu! 🦾 Aurrerapauso bat da, baina #pantailakeuskaraz edukitzeko asko geratzen da oraindik. Beraz Maiatzaren 18 Gasteizen kalera ateratzeko deia egiten dugu 📢📡 @AldatuGidoia #M18Gasteiz pic.twitter.com/3SOaaZJsx0
— Pantailak Euskaraz (@PantailakEusk) May 9, 2024
Gasteizko mobilizaziorako deia
Maiatzaren 18an, Gasteizen, ‘Aldatu gidoia euskararen alde’ lelopean, antolatutako mobilizaziora joateko deia luzatu dute euskalgintza, kultura, sindikalgintza, hezkuntza eta ikus-entzunezkoen arloko hainbat eragiletako ordezkarik, eta Pantailak Euskaraz herri ekimenak bat egin du deialdiarekin: “Erakundeak norabide egokian mugiarazteko, ezinbestekoa da euskararen aldeko eragile eta norbanako guztiek bat egin eta kalera ateratzea”.
17:30ean abiatuko da manifestazioa Arabar hiriburuko Foru Plazatik eta, bertan, euskararen eta euskaldunen hizkuntza eskubideen alde “gidoia aldatu” eta euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza ‘zabal, duin, eguneratu eta erakargarria’ osatzeko eskatuko diete Eusko Jaurlaritza zein EITBri.