Fant30_2024_zineaBilboko Udalak Amaia San Sebastianen Olentzerori eskatu nion film labur proiektua sarituko du, FANT – Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 30. urteurrenaren karietara sustaturiko deialdi berriaren baitan. 13 hautagairen artean aukeratu dute, eta 5.000€ko laguntza jasoko du.

Bilboko Udalak antolatutako FANT Fantasiazko Zinemaren Jaialdiaren esparruan, PITCH bat egin zen asteartean, urte hasieran zabaldutako euskarazko fantasiazko film laburren ekoizpena bultzatzeko laguntza deialdiaren proiektu irabazlea hautatzeko.

Hala, Amaia San Sebastianen Olentzerori eskatu nion proiektua suertatu zen garailea, eta 5.000 euroko laguntza jasoko du. Epaimahaia EiTBko Ekoizpen Saileko Josu Bilbaok, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko zuzendari Josemi Beltranek eta FANTeko zuzendari Justo Ezenarrok osatu dute, eta 13 hautagairen artean nabarmendu dute San Sebastianen lana: “Ikusmen eta soinu ahalmen handia metraje txikian biltzen duen proiektua delako, beldurrezko generoaren topiko batzuei ikuspuntu desberdina emanaz”.

Laguntza hau deitzen den lehen urtea da, eta film laburren aldeko apustuan sakontzea izan da xedea, FANTen lehen edizioetako bereizgarrietako bat baita. Sariaren helburua da, halaber, euskarazko fantasiazko film laburren ekoizpena babestea, irabazleei hizkuntza horretan film labur bat egitea erraztuz.