Bego Zubiak idatzi eta zuzendu duen dokumentalak Ohorezko Aipamena jaso du. PRIMERAN plataforman ikusi daiteke.

Erresistente-zinea

Elhuyar Fundazioaren ekoizpena den eta antibiotikoekiko erresistente bihurtu diren bakterioen arazoa erakusten duen Erresistente dokumentalak Ohorezko Aipamena jaso du Ponza Film Award jaialdian. Talentu eta ideia berriak nabarmentzen dituen zinemaldi berezia da Italiako izen bereko herrian ospatzen dutena, izan ere, urteroko sariez gain hilero-hilero ere aitortzak banatzen dituzte. Elhuyarrek jakinarazi duenez, filma dagoeneko PRIMERAN plataforman dago eskuragarri.

Iraganeko gaixotasun infekziosoak osasun-arazo larriak izango dira 30 urte barru. 2050ean, superbakterioak mundu osoan egongo dira eta minbizia baino heriotza gehiago eragingo dituzte. Hori da Osasunaren Mundu Erakundearen aurreikuspena. Izan ere, bakterioak antibiotikoekiko erresistente bihurtu dira. Bada, planeta osoari eragiten dion arazoa mahai gainean jarriko du Bego Zubiak idatzi eta zuzendu duen Erresistente dokumentalak, Estatu espainiarrean berria den tratamendu baten nondik norakoak ezagutzara emanez.

Dokumental eraikitzailea izanik, egon daitezkeen konponbideak azalduko dira bertan, ikertzaile, mediku, albaitari eta medikuen testigantzen bitartez. Horiez gain, gaixo zein sendatu direnen ahotsak ere entzungo dira: “Edozeini gerta dakiokeela ikusiko da, baina, era berean, arazoari aurre egiteko aukera badagoela erakutsi nahi da”. Aipatutakoez gain, ekarpen garrantzitsua egingo dute ondoko profesionalek: Lucia Gallego Andres, PRANeko kidea eta EHUko Medikuntza Fakultateko ikertzailea; Itziar Alkorta Calvo, UPV/EHUko Zientzia Fakultateko irakaslea eta kimikan doktorea; Pilar Domingo Calap, ikertzailea eta Fagoterapian aitzindaria; Maria Neira González, Osasunaren Mundu Erakundeko Osasun Publikoko zuzendaria; Maitane Aranzamendi Zaldumbide, Donostia ospitaleko mikrobiologoa; Patxi Lazkanotegi Muxika, albaitaria; Ana Hurtado Esgueva, animalia-osasunean aditua, NEIKER; eta Nestor Etxebarria Loizate, UPV/EHU Plentziako Itsas Estazioko ikertzailea.

Erresistente-k FECYTen (Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa) eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren laguntzari esker ikusi du argia, eta EiTBren partaidetza dauka. Gainera, Sunny Side Of The Doc-en baitan Zineuskadik euskal ekoizpenak bultzatzeko asmoz atondutako mentoretza jardunaldi berezian izan da proiektua aurten; aurretik, 2022an, Apikak, Ikusentzunezko Produktoreen Elkarteak gidoiaren idazketan, proiektuaren ekoizpenean edota haren iraunkortasunean aholkularitza eta proiektuak saltzeko dokumentuak egiteko mentoretza-saioetan parte hartu zuen.