Euskararen eremu geografikotik kanpo, zinema- eta literatura-arloko sortzaileak eta eragileak nazioartekotzeko bidaia-poltsetarako dirulaguntzen deialdia argitaratu berri du Etxepare Euskal Institutuak. 2024 osoan zehar egin diren edo egingo diren nazioarteko zinemaldietako parte-hartzeak babestuko da, abenduaren 31ra bitartean edo zuzkidura amaitu arte.

Euskal Herritik kanpo euskal kultur eta sormenaren posizionamendua indartu, bere presentzia eta ikusgarritasuna sendotu eta nazioarteko kultur eragileekin saretze lana bultzatzea da, finean, deialdi honen xedea. Bada, laguntza hauen bidez babes ekonomikoa emango zaie zinema-arloko sortzaile eta eragileei (aktore, ekoizle, gidoigile) nazioarteko zinemaldietako programazio ofizialetan parte hartzeko, zinemaldiak bertan beren film luzeren bat aurkezteko edo ordezkatzeko gonbidatu dituztenean.

Zinemaldi horiek nazioartekotzat jotzeko ezinbestekoa izango da gutxienez bost herrialdetako lanak programatzea eta webgunea ingelesez izatea. Era berean, oinarriek jasotzen dute salbuespen gisa onartuko direla film laburrak, baldin eta zinemaldia kategoria honetakoa den: dokumentalak eta bestelakoak. Halaber, zinemaldiak bi ordezkari edo gehiagoren gastuak hartu baditu bere gain, ez da bidaia-poltsarik emango, filma ordezkatutzat joko baita. Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez jasoko da hori eskaeran.

Deialdi honetarako gehienezko zenbateko orokorra 30.000 eurokoa izango da, eta eskatzaileek nahi beste eskabide aurkez ditzakete, jasotako dirulaguntza guztien batura 2.000€ baino handiagoa ez den bitartean. Era berean, proiektu berarekin lotuta pertsona batek baino gehiagok eginiko eskaerek ere ezin izango dute zenbateko hori gainditu. Horren inguruko desadostasunen bat bada, erregistroaren dataren arabera ebatziko dira.

Eskaera eta ebazpena

2024 osoan zehar egin diren edo egingo diren nazioarteko bidaiak babestuko dira, abenduaren 31ra bitartean edo zuzkidura amaitu arte. Eskaerak, erregistroan sartzen diren eguna eta ordutik abiatuta, espedienteak erabat osatuta geratzen diren unearen arabera ebatziko dira, funtsak agortu arte. Aurrekontua agortu egiten bada, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak amaitutzat joko du eskabideak aurkezteko epea. Horretarako, dagokion ebazpena argitaratuko du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Ezarritako xedera bideratutako diru-funtsak agortzeak arrazoituko du erabaki hori.

Funtsa agortu eta ebazpena argitaratu bitartean eskabideren bat epean jasotzen bada, hasiera batean kanporatua izango bada ere, erreserba egoeran geldituko da esleitutako dirulaguntzak onartzen ez diren kasuetarako. Ondorio honetarako ere, erregistroaren hurrenkeratik abiatuta, espedienteak erabat osatuta geratzen diren unea hartuko dira kontuan.

Ikusi xehetasunak, HEMEN.