Plazeraren esplorazioa dakarren ekoizpen frantziarrak mundu mailako estreinaldia izango du irailaren 20an, sail ofizialean. Zinemagilea eta aktoreak bertan izango dira.

SSIFF72-emmanuelle-zinea

L’événement filmarekin (2021) lortu zuen Audrey Diwan zinemagile frantziarrak mundu mailako arrakasta. Annie Ernauxek idatzitako izen bereko eleberriaren egokitzapenak Veneziako Mostrako Urrezko Lehoia ez ezik, César sarietarako lau izendapen eta BAFTA sarietarako bat lortu zituen. Urte berean, gainera, Donostia Zinemaldiko epaimahaikide izan zen.

Hirira itzuliko da aurten Diwan, bere hirugarren film luzeko aktoreak aldamenean dituela. Izan ere, jaialdi donostiarrak jakinarazi duenez, 72. edizioko sail ofiziala irekiko du Emmanuelle-k irailaren 20an, mundu mailako estreinaldia izango delarik. Rebecca Zlotowski zinemagilearekin batera idatzi du gidoia, Emmanuelle Arsan idazleak sortutako pertsonaian eta munduan inspiratu eta Mee Too mugimendura egokitu dena: galdutako plazer baten bila ari den emakume bat du istorioak protagonista, Hong Kong hirira egindako negozio-bidaia batean, askotariko pertsonekin topatuko dena, artean, Keirekin, behin eta berriz saihestuko duen gizonarekin.

2023ko udazkenean filmatu zuen Diwanek Emmanuelle, Hong Kongen eta Parisen, eta Noémie Merlant aktore eta zuzendariak (Portrait de la jeune fille en feu; Un año, una noche; L’innocent; Tár; Mi iubita, mon amour…) interpretatuko du pertsonaia nagusia. Naomi Wattsek (Mulholland Drive; 21 Grams; Lo imposible…), Will Sharpek (The White Lotus), Jamie Campbell Bowerrek (Stranger Things), Chacha Huangekin eta Anthony Wongek osatuko dute aktore-taldea.

Chantelouve, Rectangle Productions eta Goodfellas etxeen ekoizpena da Emmanuelle. Beta Fiction Spain arduratuko da filma Hego Euskal Herrian zabaltzeaz; Ipar Euskal Herrian irailaren 25ean estreinatuko da.