Zinemagile berriei zuzenduta dago deialdia, eta aukeratutako sortzaileek bi asteko egonaldia egingo dute Oltzako Jauregian. Ostean, sei hilabetez, proiektuok garatu beharko dituzte 2025eko Punto de Vista jaialdian aurkezteko helburuz. Ekainaren 15a da izena emateko azken eguna.

doklab-2024-2025-deialdia-zinea

Arena Comunicación ekoiztetxeak, Intermon Oxfam, Golem eta Punto de Vista – Nafarroako Zinema Dokumentalaren Jaialdiarekin elkarlanean, dokumentalista berrien ahotsak bildu, esploratu eta audientzia globalari helarazteko asmoa du Doklab formakuntza programak. ICAA Espainiako Zinematografia eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren finantziazioa du, NextGenerationEU-ren baitan.

Bi edizioren ostean, egonkortuta aurkeztu dute ekimenaren deialdi berria. Espainiar lurraldeko eta Latinoamerikako zinemagile berriei zuzenduta dago bereziki, dokumentalgintzaren indarra eta balioa ulertzen eta sinesten dutenei espresuki.

Izen-ematea webgunetik bertatik egin behar da, ekainaren 15a baino lehen, eta aurre aukeraketa astebeteren bueltan iragarriko dute. Horien arduradunek (pertsona batek edo bik osatuta) berehala eskatutako dokumentazioa bidali beharko dute. Ondoren, behin betiko hautatuen berri emango dute.

Programaren hiru faseak

Sortzaileak Oltzako Jauregia izango dute egoitza 2024ko irailaren 2tik 15era bitartean, eta banakako logela (5.000 euro) edota partekatua (3.000 euro gela bikoitzean; 2.500 euro laukoitzean) izan nahi duten aukeratu beharko dute. Egonaldian proiekzioak, tailerrak, topaketak eta beste hainbat jarduera izango dituzte.

Bigarren fasean, sortzaileek sei hilabetez, proiektuok garatu beharko dituzte, eta horien online jarraipena egingo dute sektoreko profesionalek. Azkenik, Punto de Vista jaialdiaren 2025eko edizioaren baitan egin beharko duten pitching saioak emango dio bukaera.

Informazio gehiago, hemen.