Etxepare Euskal Institutuak arte plastikoen, ikusizkoen, musikaren, dantzaren eta antzerkigintzaren sektoreetako sortzaileen  mugikortasunerako dirulaguntzaren deialdia argitaratu du. 2024 osoan zehar egin edo egingo diren jarduerak aurkeztu daitezke, irailaren 30era bitartean.

Euskal Herritik kanpo euskal kultur eta sormenaren posizionamendua indartu, bere presentzia eta ikusgarritasuna sendotu eta nazioarteko kultur eragileekin saretze lana bultzatzea da, finean, deialdi honen xedea. Bada, laguntza hauen bidez 2024. urtean zehar Euskal Herritik kanpoko jaialdi, kultur gune, programazio edo jarduera zehatzetan (birak, denboraldiak, erakusketak, lehiaketak, ekitaldiak, egonaldi proiektuak) parte hartzeko mugikortasun gastuak, ostatua eta dietak ordainduko dira. Guztira, 455.000€ eurokoa izango da deialdira bideratuko den zuzkidura, eta ondorengo sektoreetako sortzaileak aurkez daitezke: arte plastikoak eta ikusizkoak, musika, dantza eta antzerkia.

Aurreko edizioetan egin bezala, diruaren esleipena automatikoa izango da. Honek esan nahi du, prozedura azkartu eta sortzaileen ziurgabetasuna murrizteko, baldintzak betetzen dituzten guztiek dirulaguntza jasoko dutela. Alegia: ez da balorazio batzorderik egongo.

Oinarriak eta prozedurak

Arte plastikoak eta ikusizkoak, musika, dantza eta antzerkigintzako mugikortasunerako dirulaguntzen deialdia lehiarik gabekoa izan arren, eskaera bakoitzari dagokion kopurua nolabait zehaztu beharra dago, eta horregatik, honakoak izango dira dirulaguntzen kopuruak zehazteko irizpide-ardatzak: euskararen presentzia, genero irizpidea, proiektuaren autofinantzaketa maila, zein espaziotan edo gertakizunetan gartuko diren jarduerak eta eskatzailearen presentzia digitala.

Euskal Autonomia Erkidegoan errolda edo egoitza soziala duten profesionalek (pertsona fisiko eta juridikoak) jo dezakete deialdira . Gainera, zabaldu nahi den lanaren komunikazio-hitza euskara den kasuan, sozietate-egoitza edo helbidea euskararen eremu geografikoan kokatuta duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuak ere aurkeztu ahal izango dira, hau da, egoitza Nafarroan edo Ipar Euskal Herrian dutenak ere bai.

Arestian aipatu bezala, eskaerak egiteko epea irailaren 30era arte egongo da zabalik, eta 2024. urtean zehar egin diren edo egingo diren jarduerak aurkez daitezke bertara.

Ikusi xehetasunak, HEMEN.

Xehetasunak azaltzeko webinarrak

Prozedimentu eta oinarriak xehe azaltze aldera, Etxepare Euskal Institututik deialdiak aletzeko online ekitaldiak antolatu dituzte maiatzaren 7an eta 8an. Bertan, deialdiaren nondik norakoak eta aldaketa berriak landuko dituzte.

Parte-harte nahi duen orok, izena eman beharko du inprimaki honen bitartez.

Hurrengoak izango dira bileren datak: