Ramon Barea eta Zorion Eguileor aktoreak aurrenekoz elkartuko ditu lanak pantaila berean. Hirugarren adineko pertsonen bakardadeari eta arazoei buruzko haunsarketa dakar Azaroa Filmsek ekoiztutako proiektuak.
Diego Fandos zinemagile nafarrak bere lan berriena aurkeztuko du, bihar, apirilaren 25ean, Bilboko BBK Aretoan. Hirugarren adineko pertsonen bakardadea ardatz duen 29 de febrero film laburra 19:30etik aurrera pantailaratuko dute; sarrera doan da, baina ikus-entzuleek gonbidapena eskuratu beharko dute bertaratzeko.
Komedia ukituak dituen fikziozko drama bat da Azaroa Film ekoiztetxe bizkaitarraren proiektua. Ramon Barea eta Zorion Eguileor ditu aktore nagusi, aurrenekoz aurrez aurre arituko direnak, eta Maiken Beitiak osatuko du aktore-taldea. Fandosek esperientzia du ikus-entzunezko industrian, hainbat film labur -besteak beste, nazioarteko zinemaldietan erakutsi dituzten Under pressure (2014) eta Aurora (2017)-, Cosmos (2007) film luzea, dokumentalak zein telebistarako iragarkiak zuzendu ditu.
Jarraian duzue 29 de febrero film laburrak kontatuko duena: Tomás zaharra ezusteko telefono dei batek esnatuko du goiz batean: alaba da. Tomásek ez du gogoratzen, baina bere urtebetetzea da. Tomási festa bat antolatzea bururatuko zaio, eta alaba gonbidatuko du. Hark, ordea, gogoraraziko dio, atzerrian bizi denez, ezingo dela joan. Bere ajeak alde batera utzi, eta Tomás lagunei deika hasiko zaie ospakizunera gonbidatzen, baina denak hilda daude, bat izan ezik: Arturo, sutsuki gorrotatzen duena, nahiz eta zergatik oroitzen ez duen, eta ez da harekin harremanetan jarriko ezta munduko urre guztiaren truke ere. Baina Tomásek festa egin nahi du, bakarrik zein lagunekin. Horregatik, bere harrokeria irentsi, eta deitu egingo dio. Handik ordu batzuetara, Arturo iristen denean, iraganeko erremina bizi-bizi egongo da.
Adinekoei begirada
Fandosek azaldu duenez, “ingurura begiratu eta gizartean herritar oso nagusiak daudela baieztatzean” sortu zitzaion film laburra egiteko ideia. Hala, “laugarren” adinari eta duten arazoei buruz hitz egin nahi izan du 29 de febrero-rekin, hau da, “gizartea eta gabeziak gordintasun osoz azalerazten diren momentuaz”.
Bere herrian filmeko protagonistaren adina duten hainbat bizilagun daudela adierazi du lanaren zuzendariak. “Batzuk egoera onean daude, baina agerikoak diren arazoei aurre egin behar diete, lagunak dagoeneko beraiekin ez daudela, alegia, joan egin direla… Beste batzuk ez dira zorteko, adineko asko aurrera egiteko indarrik gabe gelditzen baitira”. Bere familiaren egoera adibide hartuz, zera gaineratu du ere zinemagile nafarrak: “Gaur egungo gizarte likido eta globalean, askotan, senideak elkarrengandik urrun bizi dira, niri amarekin gertatzen zaidan bezala. Honetaz ere hitz egin nahi dut”.
Azaroa Films ekoiztetxe bizkaitarraren proiektua da 29 de febrero film laburra, 601 Producciones-en kolaborazioa duena. Hain zuzen muntaiaz eta postprodukzioaz arduratu da ekoiztetxe nafarra. Adri Nogales izan da argazki zuzendaria, eta Miguel Hualde arduratu da zuzeneko soinuaz. Beatriz Garcia Gomez da arte eta jantziteria burua, eta Iratxe Artaza makillaje eta ile-apainketarena. Mikel Salasek konposatu du musika, eta Heli Suarezek egin du etalonajea. Nafarroako Gobernuaren babesa eta BBK Fundazioaren laguntza ditu film laburrak.