Zinema jaialdi donostiarrak hirugarren urtez aurkeztu du jasangarritasuna ebaluatzeko eta karbono-aztarna neurtzeko propio argitaratutako txostena. Zinemaldiak bost urterako diseinatutako planaren baitan prestatu du CREAST aholkularitza-enpresak argitalpena.
Aurreko ekitaldian bezala, CREAST aholkularitza-enpresak Donostia Zinemaldian jasangarritasuna ebaluatzeko eta karbono-aztarna neurtzeko helburuz sortutako txostena prestatu du. “Ingurumenaren aldetik jaialdi jasangarriagoa” izateko xedea du ekimenak, hau da, “2027. urtean emisioetan neutroa izateko”, eta datuek dakartenez, jaialdi donostiarrak %14 murriztu zituen karbono-emisioak 2022 eta 2023 bitartean: 2022an, zehazki, karbono-aztarna 4.147 tona CO2Eq-koa izan zen, eta 2023an 3.556,49 tona CO2Eq-raino jaitsi zuten.
Datuotara iristeko hartutako neurrien artean, paperaren erabilera gutxitu izana nabarmendu dute, inprimatutako katalogoa bertsio digitalarekin ordezkatu izana alegia. Hirugarren urtez, bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak 1.840 m2-ko moketa jarri du Zinemaldiaren esku, %100 birziklatua eta birziklagarria.
Energiari erreparatuz, LED argiztapenerako trantsizioa egiten ari dira 2021az geroztik, horregatik, klausurako jaia argitzeko talde elektrogenoa bioerregaiz hornitu zuten; Kursaal jauregia piztuta egon den ordu kopurua txikitu egin dute. Hondakinak birziklatzeko guneak ere behar bezala seinalatu dituzte. Mugikortasunaren alorrean, AUDI ibilgailuen heren bat hibridoak izan dira, eta beste horrenbeste elektrikoak. Renfe eta Repsolekin ere akordioak sinatu dituzte.
Bada, orotara, Gipuzkoako Borondatezko Karbono Funtsaren bitartez, Zinemaldiak 25.000 eurorekin konpentsatu zuen karbono-aztarnaren %84, eta ekarpena tokiko azpiegitura berdeak hobetzeko proiektutan inbertitu da. Gipuzkoako karbono-hustubide naturalen funtzionaltasuna leheneratzen lagundu dute hala, batez ere, basoena eta itsasoena.
Larrialdi klimatikoaz hausnartzeko
Donostia Zinemaldiak 72. edizioa beteko du aurten, eta adierazi dutenez, “barne-mugikortasunean eta ekitaldiak erakartzen duen mugikortasunean jarriko dute arreta, karbono-aztarnan eragin handienetakoa duen faktoreetako bat denez”. Kontzientziazio-kanpaina bat jorratzen ari dira, laster argituko dutena.
Bestetik, Zinemaldiak aliantza bat ezarri du European Climate Foundation erakundearekin, eta hiru ardatz izango ditu: emanaldiak, prestakuntza eta dibulgazioa. Larrialdi klimatikoari eta trantsizio ekologikoari buruz hausnartzeko xedez ondu dute elkarlana.
Ingurumenarekin eta klima-larrialdiarekin lotuta, bada, lehen bi prestakuntza saioek badute data. Maiatzaren 3an, Another Way Film Festival jaialdiko ordezkariak Tabakalerako Z aretora gerturatuko dira orain arte narratiba jasangarrien eta etorkizuneko erronken gainean egindako lanari buruzko oinarrizko ezagutzak zabaltzeko asmoz. Bigarrena, Climate Spring Training erakundeak eskainiko du, ekainaren 28an, eta zinema-sorkuntzaren arloko pertsonei zuzenduta egongo da (zuzendaritza, gidoigintza, produkzioa, etab.). Jarraipena izango du 72. Donostia Zienmaldiaren abaroan, eta parte hartu nahi dutenek dagoeneko aukera dute eztabai@sansebastianfestival.com korreo elektronikora idatziz eta interesa agertuz.
Emanaldiei dagokienez, Z365 arloko Pentsamendua eta Eztabaida sailaren ekimenez ingurumenarekin lotutako istorioak proiektatuko dira. Apirilean, esaterako, La croisade (Lousi Garrel, 2021) izango da ikusgai.