Donostia Zinemaldiko artxibo historikoa ikertzeko helburuz sortutako José Ángel Herrero-Velarde beken bigarren edizioa deitu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuak martxoaren hasieran. Datorren ostiralera, apirilaren 26ra, bitartean aurkez daitezke proiektuak.
Donostia Zinemaldiak eta Elias Querejeta Zine Eskolak elkarlanean bultzaturiko programa honen helburua da Zinemaldiaren ARTXIBOAren historikoaren ikerketa sustatzea. Bide horretan, bilduma bera iturri nagusitzat hartuko duten testu akademiko argitaragabeak sortu beharko dituzte hautagaiek, zinema-jaialdiaren iragana berrikusi eta oraina zein etorkizunarekin zubiak eraikitzeko.
Hala, beka-programa honen azken xedea da hiru artikulu akademiko sortzea. Ekimenaren eragile diren erakundeek osatuko duten batzorde batek gainbegiratuko ditu lan horiek, eta Zinemaldiak bitartekari gisa jardungo du ikertzaileen eta proiektuak editatzeko eta argitaratzeko interesa izan dezaketen argitaletxe edo aldizkari prestigiotsuen artean. Era berean, ikerketa horiek Zinemaldiak, Elias Querejeta Zine Eskolak eta Euskadiko Filmategiak batera argitaratzen duten Zine: Ikerketa Zinematografikorako Koadernoak aldizkari akademikoaren argitalpen batzordeak ere kontuan hartu ahal izango ditu.
Deialdiaren ezaugarriak
Beka eska dezakete Gipuzkoan jaio edota bizi diren pertsonek, zein Espainiar Estatuko gainerako udalerrietan jaio eta/edo bizi direnek, baldin eta erresidentzia epe hori, gutxienez, bi urtetik gorakoa den. Gaia, metodologia eta ikerketa-iturriak adierazi beharko dira proiektuan, eta baita asmo-gutuna eta CVa atxiki ere. Zinemaldiaren Artxiboaren atarian berariaz atonduriko plataforman aurkeztu behar dira eskaera, eta bertan topa ditzakezue, halaber, deialdiaren oinarriak eta xehetasun guztiak.
Ikerketa-proiektuak aurkezteko epea apirilaren 26ra artekoa –datorren ostirala– izango da. Hautagaiak ebaluatzeko eta hautatzeko ardura duen batzordea Donostia Zinemaldiko eta Elías Querejeta Zine Eskolako profesionalek osatuko dute, eta maiatzean ezagutaraziko dituzte hautatuak. Egonaldia uztailaren 8tik 19ra egingo da.
Hautatutako ikertzaileek 3.500 euroko dirulaguntza bana jasoko dute. Halaber, artxibora sartzeko edukiko dituzten bi asteetan, kontsulta-egunei dagozkien dietak eskainiko zaizkie. Horrez gain, programak Gipuzkoan bizi ez diren onuradunen bidaia eta ostatua ordainduko ditu.
Osatu beharko dituzten lanak (6.000 eta 10.000 hitz artean izan beharko dituztenak) zazpi hilabeteko epean amaitu beharko dituzte, hautaketa-egunetik kontatzen hasita, eta, gehienez, bi hilabeteko luzapena eskatzeko aukera izango da.