Maiatzaren 6tik 11ra bitartean egingo da zinemaldia, Vital Fundazioa Kulturunean. Guztira, 50 lan inguru erakutsiko dituzte.
Sonia Pacios eta Kepa Sojo zinemagile eta kultur eragilek gidatuta, eta Vital Fundazioaren eskutik zein Gasteizko Udalaren laguntzarekin -IDARTE eta GASTEIZ ONekin elkarlanean-, hirugarren edizioa izango du aurten iCOFF – Gasteizko Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak. Arduradunek atzo aurkeztu zuten maiatzaren 6tik 11ra bitartean luzatuko den hitzordua, eta guztira, 50 film labur inguru jasoko ditu.
Sail ofizialak bost saio izango ditu, eta bertan lehiatuko dira, besteak beste, Bea de Silvaren Hadas, Imanol Ortizen Jende, Ilune Diazen Talkak, David Perez Sañudoren El rey de la semana eta Rubi Rocken Hado ekoizpen euskal herritarrak. Saioak, egunero, 19:30ean egingo dituzte, eta emanaldien ostean solasaldiak egongo dira.
Aurretik baina, 17:00etan, Euskal Herriko eta Arabako lanei propio eskainitako atala egongo da asteartetik ostiralera ikusgai. Hamasei proiektuk osatuko dute zerrenda: Agrio (David Pérez Sañudo), Amor y vino (Javier Chueca), An Inmortal Weekend (Laura Guerricaechevarría), Betizu buru (Kim Maiteny), Canillitas (Raúl de la Fuente), El parto (Xabi Vitoria), El que no ve (Natxo Leuza), Europa (Ekain Irigoien), La niña del vestido (Ilune Díaz), Los invitados de amaia (George Todria), Pelikula baten bila (Lara Izagirre), Prioridades (Tamara Lucarini), Prisma (Gabriel Alcácer), Refugio (Ander Iruretagoyena), Reinas sin reino (Mikel R. Alonso) eta Ximinoa (Itziar Leemans).
Aldiz, mundu mailako film labur onenak erakutsiko dituzte nazioarteko sailean, zinemaldi batean zein bestean saridun izan direnak. Hamar lanek osatuko dute sorta, eta jaialdiaren azken egunean pantailaratuko dituzte, itxiera ekitaldian.
Epaimahaia eta sariak
Filmak ikusi eta baloratzeaz hiru kidek osatutako epaimahaia arduratuko da: Pilar Sanchez Diaz argazki zuzendari eta ekoizle madrildarra (Carmen y Lola, 2018; Chinas, 2023), Igor Legarreta zinemagile (Cuando dejes de quererme, 2018; Ilargi guztiak, 2020) eta Goize Blanco aktore bilbotarrak (Veneciafrenia, 2021). ICOFF-GASTEIZ Sari Nagusia (2.000 euro), Fikziozko Zuzendaritza Onena (1.000 euro), Dokumental Onena (1.000 euro), Animazio Onena (1.000 euro) eta Interpretazio Onena (500 euro) ebatziko dituzte.
Gainera, ikus-entzuleek gustukoen duten film laburra bozkatu eta Publikoaren Saria erabakiko dute, eta bost kidek osatutako Herri Epaimahaiak Euskal Film Labur Onena, Euskarazko Film Labur Onena eta Eusko Atala Film Labur Lnena banatuko dute. Denek ere 500 euro eta garaikurra izango dituzte opari.
Ezagutu iCOFF – Gasteiz jaialdiaren egitaraua, hemen.