Ikus-entzuleek Amaia Merino eta Ander Iriartek zuzendutako dokumentala izan dute gogokoen (9,18 puntu); Amnesty International-ek aipamen berezia eskaini dio ere. Aldiz, erakundeak Mediha (Hasan Oswald) lana saritu du, eta The Weight of Life (Anna Hints) film laburrak irabazi du Gazte Epaimahaiak ebatzitako saria.

GLhiT2WWUAAuZGS

Mundu mailako estreinaldi arrakastatsua izan du Indarkeriaren oi(h)artzunak filmak, izan ere, iragan larunbatean Donostiako Victoria Eugenia Antzokian pantailaratu zutenetik laudorioak eta miresmen hitzak besterik ez ditu jaso. Horren erakusgarri da, bederen, herritarrek Giza Eskubideen 21. Zinemaldiko lan onena aukeratu dutela. Tamara Muruetagoienaren historia eta istorioa du ardatz dokumentalak, haurra zela ETAk familia bahitu, eta ondoren, Espainiako Estatuak medikua zuen aita torturapean nola hil zuen kontatzen duena.

Green Border (Agnieszka Holland) eta 2024ko edizioa ireki duen El Salto (Benito Zambrano; irakurri kritika, hemen) filmei aurre hartuz -9,06 eta 9,02 puntu izan dituzte hurrenez hurren-, Amaia Merinok eta Ander Iriartek zuzendutako filmak Film Luze Onenaren Ikus-Entzuleen Saria irabazi du 9,18ko markarekin. Lehiatu diren ekoizpen guztiek gainditu dute. Puntuazio guztiak kontsultatu, hemen.

KRITIKA | INDARKERIAREN OI(H)ARTZUNAK: Egiaren erreparazioa eta justizia

Gainera, Amnesty International Sariaren epaimahaiak -Ramon Agirre aktorea, Izaskun Arandia zinemagilea eta Ana Barrera, Imanol Barrenetxea eta Alberto Ruiz de Olano Amnesty International erakundeko ordezkariak- Aipamen Berezia eskaini dio Indarkeriaren oi(h)artzunak filmari ere, “eraginkortasunez baliatzen delako zinemaz, argitu gabe jarraitzen duten tortura-kasu salatuak ikusarazteko”.

Amnesty International Saria bera, baina, Mediha (Hasan Oswald) ekoizpen estatubatuarrak jaso du. Filmak yazidi nerabe baten istorioa kontatzen du, Mediharena, ISISen bahiketatik eta esklabotzatik bizirik atera zena; epaimahaiak ondoko hitzak erabili ditu erabakiaren gainean: “Emakumeen eta nesken aurkako sexu-indarkeria gerra-arma gisa erabiltzea salatzen du filmak, Irakeko gatazka belikoaren testuinguruan. Konkistatu, merkantzia gisa erabili, kolonizatu eta erabat suntsitu nahiden lurralde gisa tratatua izan da neska baten gorputza, Mediharena. Oswaldekgatazka armatu baten biktima ikusezinak ikusaraztea lortu du bere dokumentalaren bidez”.

Bere aldetik, The Weight of Life (Anna Hints) film laburrak irabazi du Gazte Epaimahaiak bozkatutako saria.

Itxiera-ekitaldia

26 film luze eta 19 film labur erakutsi dituzte apirilaren 12an abiatu zuten eta Fernando León de Aranoa omendua izan den Giza Eskubideen 21. Zinemaldian; azkena gaur bertan pantailaratuko dute, Malagako Zinema Jaialdian Kritikaren Epaimahaiaren Sari Bereziarekin aitortu duten Nina. 20:00etan, Victoria Eugenia Antzokian egongo da ikusgai Andrea Jaurrieta zinemagile iruindarrak zuzendutako emakume western garaikidea, “non iragana eta oraina mendeku istorio batean batzen diren”.

José Ramón Fernandez antzerkigilearen izen bereko obraren egokitzapen librea da Nina, bere bizitza suntsitu duen gizonaz mendekatzeko hezi izan zen kostaldeko herrira itzultzea erabakiko duen emakume bati buruzkoa; Patricia Lopez Arnaiz Goya sariduna eta Dario Grandinetti ditu aktore nagusi.