Film luzeen eta dokumentalen proiektuen koprodukzioa eta nazioartekotzeko bideak arakatuko dituen aholkularitza saioak eskainiko dituzte Tabakaleran, ekainaren 4an eta 5ean, Laura Fernádez Brites (Filmax) ekoizleak gidaturikoak. Maiatzaren 2ra arte eman daiteke izena.

Urte hasieratik ikus-entzunezko alorreko prestakuntza-tailerrak eskaintzen ari da Europa Creativa Desk MEDIA Euskadi, Tabakalera – Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroarekin lankidetzan. Hain zuzen, otsailetik ekainera bitarteko lau lantegi zehaztu dituzte, urteko lehen seihilekoaren eskaintza osatzeko.

Bada, hirugarren hitzordua litzateke honakoa, film luzeen eta dokumentalen ekoizleei haien proiektuak nazioartekotzeko, nazioarteko bazkideak eta nazioarteko finantzaketa-iturri berriak bilatzeko orientazioa eskaintzea helburu duena.  Izan ere, Donostia Zinemaldiaren 72. edizioan bazkide berriak bilatzeko abiapuntu sendoa eskainiko die ekoizleei.

Film luze baten proiektua garatzen ari diren edota aurre produkzio fasean duten, eta egoitza Euskadin duten ekoizleak dei egin dituzte beren proposamenak aurkeztera. Aukeratutako 6 proiektuk bi orduko aholkularitza jasoko dute (feed-back pertsonalizatua, ideiak, iradokizunak, aholku praktikoak, analisiak…), tailer honen antolakuntzak esleitutako egunetako batean (izan ekainaren 4an edo 5ean).

Gaztelania izango da lanerako hizkuntza nagusia, eta parte-hartzaileek Laura Fernádez Brites ekoizlea izango dute gidari.  Filmax enpresako bazkide eta ekoizlea da Ferndández Brites; ikus-entzunezko komunikazioan lizentziaduna, Facultat de Ciéncies de la Comunicació Blanquernan (Ramón Lull Unibertsitatea) eta, ondoren, zinema-ekoizpenean espezializaturikoa Los Ángelesko University of California (UCLA) unibertsitatean, eta EADAn Marketin Zuzendaritzako Masterra egindakoa. Bere ekoizpen ezagunenen artean daude: [REC] 4: Apocalipsis (Jaume Balagueró), No matarás (David Victori) edo La ermita (Carlota Pereda).

Izen-ematea

Proiektuak maiatzaren 2a baino lehenago aurkeztu behar dira Europa Creativa Desk MEDIA Euskadi bulegoko posta elektronikoan (a.gonzalez@europacreativaeuskadi.eu). Izen-ematea egoki gauzatzeko, ondorengo dokumentu sorta galdegin dute, berariaz atondu duten formularioa betetzearekin batera:

  • Sinopsia.
  • 5 eta 8 orrialde arteko tratamendua.
  • Aurrekontua (gutxi-gorabeherakoa).
  • Finantzazio-plana.
  • Finantziazioaren egoera.
  • Lan-taldearen proposamen teknikoa eta artistikoa.
  • Ekoizlearen oharrak (egin nahi duen pelikula mota, erreferentzia zinematografikoak, koprodukzioa zein herrialdeekin egin nahi den, zein enpresekin…).
  • Zuzendariaren oharrak.
  • CV: enpresarena eta ekoizlearena