Nafarroako Gobernuak, lurraldeko ikus-entzunezko industria bultzatzeko asmoz, 2024ko Genereazinema Ekoizpena eta Generazinema Garapena deialdiak onartu ditu. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu bezain laster zabalduko dira epeak.

generazinema 2024-zinea

Proiektuak sustatzeko eta zabaltzeko helburua duen Generazinema Sustapena programa ireki zuten otsailean, eta orain, ekoizpenari eta garapenari zuzendutako deialdiak iragarri dituzte. Batean zein bestean, ekoiztetxe independenteek eta ekonomia intereseko taldeek (Zinemari buruzko 55/2007 Legearen 4. artikuluko definizioari lotzen direnak) izango dute laguntzak eskatzeko aukera.

Generazinema Ekoizpena-ri dagokionez, eskatzaile bakoitzak, gehienez, lau proiektu aurkeztu ditzake, eta orotara, 735.000 euro banatuko dituzte. Hiru modalitatean banatuta egongo da.

A modalitatean 60 minutu edo gehiagoko film luzeak sartu dituzte; B modalitatean, 60 minutu baino gutxiagoko iraupena dutenak (fikziozkoak, sorkuntzazkoak zein animaziozkoak); eta C modalitatean gutxienez minutu bateko iraupena duten animazio-serieak edota gutxienez 20 minutuko iraupena duten telebista serietako kapitulu pilotuak zehaztu dituzte.

Bestetik, Generazinema Garapena deialdiari erreparatuta, aurrekontua 115.000 eurokoa da, eta bi laguntza mota banandu dituzte. A modalitateak fikziozko lanen edo sorkuntzako dokumentalen proiektuak hartuko ditu; B modalitateak animaziozkoak. Bietan ere, banakako proiektuak badira 60 minutu edo gehiago izan beharko dute; serieak badira, 20 minutu da gutxiengo iraupena.

Proiektuak aurkezteko epeari dagokionez, deialdia NAOn argitaratu eta hurrengo egunean zabalduko dute. Eskabideak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez.

Informazio osagarria, hemen.