zinema zubiak V-zinea

Jardunaldia maiatzaren 2an egingo dute, L’Atalante zinema gelan. Bertan parte hartu nahi dutenek apirilaren 26ra arte dute izena emateko aukera.

Akitania Berriko, Nafarroako eta EAEko enpresen eta profesionalen arteko harremanak eta ikus-entzunezko proiektuen garapena sustatzeko eta dinamizatzeko asmoz sortutako ZINEMA ZUBIAK programak 2024ko bigarren topaketa hartuko du maiatzaren 2tik 5era bitartean ospatuko duten Rencontres sur les docks festibalean.

NAPAR elkarteak, IBAIA – Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak (EPE-APVrekin fusionatu ostean aurrerantzean epe-ibaia izango dena), eta ZUKUGAILUAk antolatuta, Baionako L’Atalante zinema gelan elkartuko dira jaialdiaren lehen egunean, hilaren 2an, industriako profesionalak. Behin ongietorria emanda, 10:00etan, ‘Idazketatik ekoizpenera, zinema sorkuntza Euroeskualdean’ mahai-inguruak abiatuko du jardunaldia.

Ondoren, 11:30etik 13:00etara, HEMENDIK egonaldiaren laugarren edizioan hautatutako sei proiektuen aurkezpenak egingo dituzte. Jarraian dituzue:

  • R.S. République Sexuelle (Justine Fabre) | Fikziozko film laburra
  • Angles Morts (Jan Amor Sandiumenge) | Fikziozko film laburra
  • Txantxangorri (Alice Lahourcade) | animaziozko film laburra
  • Gaua gauekoarentzat (Iker Gonzalez Urresti) | Fikziozko film laburra
  • Eguzkiaren dardara eragiten duten ahotsak (Maite Redondo Gaztelu) | Ez-fikziozko film laburra
  • Ez da lurrik (Itziar Lamarka eta Sara Martorana) | Fikziozko film laburra

Bazkalostean, 14:30ean, onte-to-one bilerei emango diete paso, eta hitzordu profesionalak finkatu dituzte ere.

Bertan parte hartu nahi duten profesionalek apirilaren 26a baino lehen jakinarazi beharko dute, koord@zukugailua.eus korreo elektronikora mezua bidaliz. Akreditazioak topaketaren egunean bertan banatuko dituzte, 09:30etik 09:50era bitartean, eta ostean ekingo diote lehen bilerei.

2024ko aurreikuspena

2021eko Donostia Zinemaldian aurkeztu zuten Zukugailuak, IBAIA – Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak eta Napar egiturek ZINEMA ZUBIAK proiektua, eta hainbat topaketa egin dituzte ordutik. 2024an jarraipena izan du egitasmoak, hala jakinarazi baitzuten eragile sortzaileetako ordezkariek -Katti Pottelu (Zukugailua), Garaxi Taberna (NAPAR) eta Marian Fernández (IBAIA)- Miarritzeko FIPADOC – Festival International Documentaire zinemaldiaren 6. edizioaren baitan.

Martxoan, 18. Punto de Vista jaialdian egin dute aurtengo lehen enkontrua, eta hirugarrena, azaroan izango da, 66. ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren abaroan.