Iratxe Fresneda arrigorriagarren Tetuán (2022) hirugarren film luze dokumentala gehitu du FILMIN streaming plataformak bere katalogora. Zuzendariak ondutako erregistroaren gaineko trilogia berezia itxi duen lana duzue honakoa.

Pertsona migratzaileei buruzko filma da Tetuánnon zinema, familia baten istorioak eta memoria, igaroleku eta nebulosa bailiran banatuko diren. 2022ko Xixongo Nazioarteko Zinemaldian eta ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian ikusi zuen proiektuak argia, eta orainaldiko ikuspuntutik migrazio eta memoria bezalako kontzeptuak ikertzen dituen sorkuntza dokumental gisa aurkeztu zuen Fresnedak.

Irrintziaren oihartzunak (2016) eta Lurralde hotzak (2018) lanen ondoren, Tetuan (2022) lanak borobildu du zuzendariak ondutako erregistroaren gaineko trilogia berezia. Alaba batek (Fresneda bera), aitaren iraganaz sentitzen duen jakin-minak gidatuta, abiatutako bidaia erakutsi da bertan, benetakoa eta zinematografikoa, iragana eta oraina kontuan hartuko dituena. Tetuan, Almeria eta bere basamortua, Madrilgo kaleak, Pirinioak, Euskadiko txokoak eta Danubio ibaiaren ertzean dagoen Errumaniako herri txiki bat izan dira bidaia honen lekuko.

KRITIKA | ‘TETUÁN’: Denok gara hangoak eta hemengoak

Pinpi&Nella Films ekoizpen etxea, Marmoka Films, Corpus Films eta Arena Comunicación taldeak daude proiektuaren atzean, eta Jonay Armas arduratu zen musika konposizioaz.  Esan beharra dago ere mezenasgo kanpaina arrakastatsu baten ondoren lortu zuten filmaren ekoizpenaren finantzaketa beharrak estaltzea.

Proiektuak, gainera, ICAA, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Arrigorriagako Udala, ETB, Kanaldude eta Otxoa de Barandika Fundazioaren laguntza izan zuen.

Ikusi ZINEAn sortzailearekin izandako elkarrizketaren bideo laburpena.