El_salto-kritika-zinea

Zuzendaria: Benito Zambrano

Urtea: 2024

Herrialdea: Espainia-Frantzia

Barneratuta dugun klitxe edota aurreiritzi batekin hasiko da El Salto. Etorkinak, batekoak zein bestekoak, baina batez ere afrikarrak, europarroi lana kentzera datoz, lapurtzera. Ez gara konziente baina, desesperazioak jota, eta bidaia luze, arriskutsu eta beldurgarri baten ostean iritsi direla gizon-emakumeok gurera, eta behin gure lurretan direla, egin nahi ez ditugunez arduratzea tokatzen zaiela; ‘ilegal’-tzat jota, gizarte mendebaldarraren etsai dira, jazarpen sozial eta polizialaren biktimak.

Hala aurkeztuko digu Benito Zambrano zinemagile andaluziarrak Ibrahim, igeltsero jardunean dabilen ginearra, baldintza prekarioetan lan egiten duena, gehiegikeriak eta ‘dagoena da’ politika sumisoaren labirintoan harrapatutakoa. Sarekada batean atxilotu egingo dute, eta erresidentzia baimenik ez duenez, bere herrialdera bueltan deportatuko dute, haurdun dagoen bikotea Madrilen utziz. Afrika bigarrenez zeharkatu eta Melilla herri espainiarretik banatzen duen hesia saltatzea erabakiko du, Marokon kokatutako Gurugu mendiko etorkinen kanpamentuan ezagutuko dituen gainerako kideekin batera.

Ezin uka daiteke El Salto filmaren helburu nagusia azken hamarkadan larriagotu den errefuxiatuen krisia bistaratzea dela, bizimodu duin baten bila mugak zeharkatzen dituztenak (eta zoritxarrez bidean gelditzen direnak) eskubideak dituzten pertsonak direla aldarrikatzea. Berau erakusteko modua baina, ikuspegi artistikoari helduta, ezin esan daiteke erakargarria denik. Generoan sortu diren fikziozko maisulanen eta askotariko hurbilketa iradokitzaileen aldean –America, America (Elia Kazan, 1966) klasiko gordina edota berriki estreinatu den Io capitano (Matteo Garrone, 2023) epopeia mistikoa-, Zambranok drama murtxikatuaren alde egin du; zoritxarrez, Mediterráneo-ren (Marcel Barrena, 2021) narratiba tranpatitik gertuago dago Zambranoren istorioa.

Ibrahim eta emigranteen odisea erakustearekin batera ikuslea baldintzatu nahi du, etengabe ongia eta gaizkia zein diren argi utziz. Filmaren gaia zein den jakinda, pertsonaiekin identifikatzea naturaltzat jo dezakegu (logikoena litzateke erruki izatea), baina injustizien bonbardaketa etengabeak, sentimentalismo itsuak eta azpimarra formal pedanteak -lehen planoen erabilera neurrigabea eta soinu banda nekagarria, kasu- korporatiboegiak dira, gobernuz kanpoko erakunde batentzako eginak diruditenak. Pertsonaien ahoetatik entzungo dugun hitz eta esaldi bakoitzak salaketa-tonu ebidenteegia du, gidoia bera azalekoa eta hutsala dela agerian utziz. Estatu politikak, arrazakeria, genero indarkeria, utzikeria instituzionala, gizatasunik eza… errealitatearen parte dira bai, baina ‘emozio zinematografikoa’ eragiteko beste eraginkortasunik ez dute El Salto-n.