Iragan apirilaren 12an ospaturiko Ezohiko Batzar Orokorrean onartu zuten elkarte bakoitzeko zuzendaritza-organoek aurkeztutako fusio-proiektua. Epe-Ibaia izena izango du elkarte berriak aurrerantzean, eta 65 enpresa elkartuko ditu.
IBAIAk eta EPE-APVk beren fusioa onartu dute Euskadiko ikus-entzunezkoen produkzio independentea sendotzeko prozesuak une estrategiko bat bizi duen garai betean. Hain zuzen ere, Bi erakundeetako Ezohiko Batzar Orokorrak joan den ostiralean, apirilak 12, bildu ziren eta elkarte bakoitzeko zuzendaritza-organoek aurkeztutako fusio-proiektua onartu zuten, bizi dugun une honetan modu aktiboan lankidetzan aritzeak eta ahots bakarra izateak duen garrantzia azpimarratuz, betiere gure enpresek eta gure sektoreak aurre egin beharreko erronkak gainditzeko helburuarekin.
Hala, hainbat enpresatako hamar pertsonak osatuko dute behin-behineko Zuzendaritza Batzordea: Marian Fernández (Txintxua Films); Iker Ganuza (Lamia Producciones); Carlos Juárez (Basque Films); Koldo Zuazua (Kowalski Films); Ricardo Ramón (Dibulitoon Studio); Miren Berasategui (Lotura Films); Eduardo Carneros (Euskadi Movie AIE); Francisco Ruiz (Sonora Estudios); Xabier Berzosa (Irusoin) eta Idurre Cajaraville (Baleuko).
Era beren, Marian Fernández (Txintxua Films) arituko da presidente-lanetan, eta Carlos Juárez (Basque Films) izango da presidenteordea, betiere bi hilabeteko epearen barruan hurrengo urteetarako gobernu-organo berri bat aukeratuko duen beste Ezohiko Batzar Orokor bat deitzeko konpromisoarekin.
Lan ildoak
Hainbat ardatz izango ditu elkartearen datozen hilabeteetarako jarduerak, hala nola Ikus-entzunezkoen Komunikazio Lege Orokorraren arau-garapena, Zinemaren eta Ikus-entzunezkoen Kulturaren Legearen proiektu berria, garatutako lanen jabetza intelektualaren defentsa, euskal foru-lurraldeetan zerga-harmonizazioa bilatzea eta eredu jasangarri bat garatzea, edo euskarazko ikus-entzunezkoen edukien produkzioa eta zabalkundea sustatzea, besteak beste.
Integrazio honen bidez, epe-Ibaiak lidergoa hartuko du euskal ikus-entzunezkoen sektoreak erakundeekin eta sektoreko agenteekin izan beharreko elkarrizketan, lankidetza publiko-pribatuari bultzada bat eta sektorearen garapena indartzeko.