Jatorrizko Soinu Banda zikloaren saio berri bat egingo dute datorren apirilaren 20an, Biharamunean ura izeneko emanaldia ardatz. Gu gabe ere (Itziar Ugarte eta Mikele Landa) liburuaren eszena gaineko hedatzea eta zinema hedatuaren formatuari dagokion Uraren oldea (Peru Galbete) kontzertu bisuala uztartuko ditu hitzorduak.
Zinea eta musika batzen dituen emanaldi sorta jarri zuen martxan 2019an Donostiako Tabakalerak, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan. Jatorrizko Soinu Banda izenez ezaguna, zuzeneko musikaz lagundutako pelikulen zein bestelako ikus-entzunezko sorkuntzen proiekzioak eskaini dituzte ordutik. Nagusiki zinema mutuarekin lotura duten emankizunak eskainiz, hainbat izan dira azken urteotan Tabakalerako zinema aretora gerturatu diren musikariak.
Izan ere, Irudi mutuak musikarekin laguntzearen tradizioak zuzenean garamatza zinema mutuaren jatorrietara. Hori da foku honen abiapuntua, baina filmak zuzeneko musikarekin proiektatzearen tradizioari gaur egungo artistek nola heltzen dioten esploratzeko asmoz. Hala, konbinatu dituzte denborak eta estiloak, gitarra elektrikoak eta pianoak, sintetizadoreak eta B seriea, thereminak eta panderetak, mugimendua duten irudien gainean.
Bada, datorren larunbatean, apirilaren 20an egingo dute hurrengo saioa: Biharamunean ura izeneko hitzordua. Berezitasun gisa, saio honek bi emanaldi ditu bere barruan: Gu gabe ere liburuaren eszena gaineko hedatzea —Itziar Ugarte Irizarren testuak eta Mikele Landa Eigurenen ikus-entzunezkoak uztartzen ditu—; eta zinema hedatuaren formatuari dagokion Peru Galbeteren Uraren oldea kontzertu bisuala. Hain zuzen ere, bien arteko elkarrizketa bat proposatzea da hitzorduaren asmoa; irekidura bat lengoaia poetikoarentzat, denborak uzten dituen markentzat eta haietan ernatzen diren galderentzat.
Sarrera bidezko sarbidea izango du saioak, 8€-ko prezio orokorrarekin. Donostia Kultura zein Tabakalerako bazkideek, aldiz, 7,20€-an eskuratzeko aukera izango dute, eta hamabi urtetik beherako haurrek, euro bakarra ordaindu beharko dute. Erosi sarrerak hemen.