BBK Salak zinemarekin hitzordu berria estreinatu du asteburuan: ‘Familian gozatzeko zinema zikloa, izenak berak adierazten duen bezala, zinema-aretoetan “txikitan sentitu genituen emozioak belaunaldi berriekin partekatzeko” helburuarekinJorge Barrio zinemagile eta zinema irakaslea arduratu da filmen programazioaz.

“Zinema asko aldatu da gure nagusiak eta gu geu ere ume ginenetik; horregatik, orain atzera begiratu gura dugu pixka bat, eta ibilbide laburra egin zinema mota horren historian zehar” azaldu du Jorge Barriok, zikloaren arduradunak eta programatzaileak. Hala, abenturazko filmak, fantasiazkoak, komediak, animaziozkoak izango dira ikusgai bertan, “oso eskuragarriak ikus-entzule guztientzat, baina, aldi berean, kalitate handikoak”; guztiak ere, denborarekin, imajinario kolektiboko klasiko bihurtu diren zintak.

Familian gozatzeko zinema zikloaren lehen edizioak, igande honetan bertan izan du lehen saioa Judy Garland protagonista duen The Wizard of Oz (Victor Fleming, 1939) film mitikoarekin. Ondoren, apirilaren 21ean, iganden, Journey to the Center of the Earth (Henry Levin, 1959) proiektatuko da. Halaber, maiatzean bi film berri programatuko dituzte, biak 80ko hamarkada emankor eta gogoratukoak: hilaren 5ean, aski gogoratua den, Richar Donnerrek zuzendu eta Spielbergek ekoiztu zuen eta belaunaldi osoa markatu zuen The Goonies (1985) izango da ikusgai, eta maiatzaren 26an  Hayao Miyazaki maisu japoniarraren animazioaren lan gailenetako bat den Tonari no Totoro / Mi vecino Totoro (1988) emanaldiarekin itxiko dute egitaraua.

Proiekzio guztiak igandeaz eta eguerdiko 12:00etan egingo dituzte (gaztelaniara bikoiztutako bertsioan), helduentzako zein txikientzako ordutegi egokian. Gainera, sarrera doakoa izango da leku guztiak bete arte (430 eserleku), aldez aurretik gonbidapenik jasotzeko beharrik gabe. Film bakoitza testuinguruan jartzeko, emanaldi bakoitzaren aurretik sarrera didaktiko labur bat egingo du Barriok berak.

Ondo bidean, lehenengo edizio honen ondoren, ziklo berri hau Bilboko Kale Nagusiko erdiguneko agendan urteroko hitzordu finko bihurtzea litzateke BBK Salaren apustua.