Lekeition ospatu ohi den zinemaldiak 2024ko ediziora film laburrak aurkezteko epea ireki du. Zinemagileek uztailaren 30era arte izango dute beren obrak inskribatzeko aukera.

ezb47-LEHIAKETA-zinea

Lekeitioko Zine Bilerak, euskara hutsez egiten den zinemaldirik zaharrenak, “urte hauetan guztietan gure hizkuntza sustatu eta hedatzeko egindako lanarekin oso harro” egonik, 2024ko ediziorako izen-emate deialdia zabaldu du. Urriaren 17tik 20ra bitartean ospatuko da 47. edizioa, eta sari nagusiak irabazteko lehian arituko diren film laburrak aurkeztu nahi dutenek uztailaren 30era arte izango dute aukera.

Urtero legez, gehienez 30 minutuko obrak galdegin dituzte, Lehiaketa sail ofizialean erakutsiko dituztenak; bertan, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak bilduko dituzte. 20 film laburrek osatuko dute sorta, eta denak ere, euskara hutsezkoak izango dira (horietan beste hizkuntzaren bat erabiliz gero, euskarazko azpitituluak jarri edo irudira txertatu beharko dira). Ez dute onartuko 2023ko abuztua baino lehen egindako film laburrik, ezta aurreko edizioetan lehiatu denik ere.

Lekeitioko Euskal Zine Bileran parte hartu nahi dutenek jaialdiaren webgunean ahalbidetu duten izen-emate fitxa bete beharko dute, eta lanak Youtube edota Vimeo kanaletara igo, pasahitza edo esteka pribatuarekin. Gainera, hiru fotograma, kartela (edukiko balu) eta egilearen datu pertsonalak erantsi beharko dira.

Aurkeztutako obrak aukeraketa batzordeak ikuskatuko ditu, eta irailean jakinaraziko dute sail ofizialean zein bestelako atalean parte hartuko duten proiektuen zerrenda. Antolatzaileek zehaztu dutenez, Lea-Artibai eskualdeko egileen lanak jaialdian egotea bultzatuko da, lehiaketa barnean zein lehiaketaz kanpo.

Sari potoloak

Aurreko edizioei jarraiki, sari potoloak  banatuko dituzte 47. Euskal Zine Bileran. Film onenak 3.000 euro jasoko ditu, zuzendari eta gidoi onenek 1.600 euro bakoitzak. Ikus-entzuleek ere izango dute gogokoen duten lana aukeratzeko tartea, eta 750 euro banatuko dituzte.

24 urte baino gutxiago duten zinegileen lanak saritzen dituen Benito Ansola saria (1.000 euro) ere ebatziko dute, hurrengo urteko lehiaketarako zuzeneko parte hartzea ematen duena. Eta ikus-entzuleek ere izango dute zeresana, 750 euro jasoko ditu Ikusleen sariaren hartzaileak.

Euskal Zine Bileraren webgunean aurki ditzakezue oinarriak eta baldintzak.