Un Impulso Colectivo – Curts sailean gailendu daIrati Gorostidiren lana. D’A Film Lab laborategiko Producció Emergent atalean Ezagutzen Ditugun Bekain Guztiak (Marta Codesido eta Nuria Ubach) proiektuak jaso du Music Library & SFX saria.

DA 2024 festibala-palmaresa-zinea

Andrea Jaurrieta zinemagile iruindarraren Nina film luzearen emanaldiarekin agurtu zuten larunbatean D’A Festival de Cinema de Barcelona jaialdiaren 14. edizioa, eta irabazleen zerrenda argituz borobildu dute nazioarteko zinema independente onena erakustea xede duen hitzordua. Ekoizpen euskal herritarrak lehian izan dira aurten ere atal ezberdinetan, eta aitortzak ere jaso dituzte.

Irati Gorostidik zuzendu eta 2022ko KIMUAK bilduman hautatutako Contadores lana nagusi izan da Un Impulso Colectivo – Curts sailean, epaimahaikideen iritziz “etika eta estetika zinematografikoa hizkuntza politikoarekin harmonizatzeagatik, ikuslea iraganera eta orainera eramaten duen murgiltze-esperientzia batean”.

Hausnarketa, eta erabaki-hartze kolektibo eta parte hartzailea dira Contadores film laburraren bihotza: Militante libertario talde batek 1978ko gau bat panfleto bat inprimatzen igarotzen du. Gipuzkoako metalaren hitzarmena laster berrituko denez, borrokarekin jarraitzeko beharra defendatu dute. Transkribatzen eta inprimatzen duten bitartean, harreman pertsonalei buruz hausnartzen dute eta komunitateko bizitzari buruz espekulatzen dute. Hurrengo egunean, lantegiaren sarrerako atondoan, asanbladan biltzen dira lankideekin, lan-baldintza hobeen alde borrokatzera animatzeko. Baina langile-mugimendua gero eta gehiago sindikalizatzen ari da, eta horrek behin izan zuten boterea kendu die, beren proiektu politiko erradikala garrantzirik ezera baztertuz.

KRITIKA | CONTADORES: Fabrikak, gizartearen ispilu

Aldiz, D’A Film Lab laborategiko Producció Emergent atalean Ezagutzen Ditugun Bekain Guztiak (Marta Codesido eta Nuria Ubach) proiektuak lortu du Music Library & SFX saria. Arduradunek musika eskubideen arloan laguntza jasoko dute, proiektua garatzen jarraitzeko.

(H)emen – Ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreko emakumeei zuzendutako elkarteak antolatutako AUKERA programan hautatu zuten 2023an Ezagutzen Ditugun Bekain Guztiak, eta gainera, ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 65. edizioko Aukera – Sortzaileak saria irabazi zuen ere.

Ezagutu 14. D’A Festival de Cinema de Barcelona jaialdiko palmaresa, hemen.