Oskar Alegria zinemagile iruindarraren Zinzindurrunkarratz (2023) filmaren proiekzioak abiatuko du Azkuna Zentroko Gutun Zuria – Letren Nazioarteko Jaialdiaren programazioa. Apirilaren 15an egingo dute saioa, zuzendaria beraren aurkezpenarekin.

Zinzindurrunkarratz-zinea

Gutun Zuria – Azkuna Zentroko Letren Nazioarteko Jaialdia urte osoan zehar luzatuko den programa da, Gutun Zuria Zabalik egitasmoaren baitakoa. Programa berri honek literaturaren inguruko elkarrizketak eta eztabaidak zabaltzea du xede, zinemaren edo musikaren inguruko beste hizkuntza artistiko batzuetatik abiatuta. Hain zuzen ere, Oskar Alegria zinemagilearekin abiatuko dute programazioa apirilaren 15ean, astelehenean. Ondoren, maiatza eta ekaina bitartean, Maialen Lujanbio bertsolaria; Xabier Erkizia artista; Irene Solà idazlea eta  Iván de la Nuez saiogile eta komisarioa izango dira gonbidatuak.

Alegriak Zinzindurrunkarratz (2023) bere azken filma aurkeztuko du hitzorduan. Ikus-entzunezko ibilbide poetikoa da, beste garai bateko oroimenez egina: Super-8 formatuan filmatua, “oinez eginiko film bat” da. Zuzendariak, Artazu bere herritik, Paolo astoarekin Andimendira egindako bide poetikoa kontatuko du, ahaztutako edota galdutako memoriaren erakusgarri.

Jada existitzen ez den mundu baten oihartzunak erregistratu ditu zinemagile nafarrak, soinurik gabeko irudiekin; eguneroko bat balitz bezala egituratua dago, eta formatu zatikatuak badu zerikusirik filmaren izenburuarekin berarekin ere: haize arin bat (zinzin), leize bertikal bat (durrun-durrun) eta tximistek kolpatutako gailur bat (kurrutz-karratz). Bada, horietatik igaroko da Alegria Paolo astoarekin, eta horietan hautemandakoaren emaitza da.

#Kritika | ‘ZINZINDURRUNKARRATZ’: Kamera isil baten memoria bisuala

Nazioarteko ibilbideari dagokionean, Tellurideko zinema-jaialdian estreinatu zuen, AEBko dokumentalen jaialdirik handienean, eta Florentziako Popoli, zinema dokumentalaren Europako dekanoan, saritu zuten. Gainera, film onenaren DOC saria jaso zuen Seminci – Valladolideko Nazioarteko Zinema Astean. Euskal Herriari dagokionez, Oscar Alegriak bigarrenez izan du Punto de Vista jaialdiari ongietorria emateko ohorea, izan ere, 2019ko ekitaldian Zumiriki-rekin gertatu bezala, Zinzindurrunkarratz lanak ireki baitu 2024ko mostra.