Film labur nafarren bilduma osatzeko izen-emate epea zabalik da egongo da maiatzaren 3ra bitartean. Euskaraz edota gaztelaniaz errodatutako lanak galdegin dituzte, eta horiek 2023ko apirilaren 1etik 2024ko martxoaren 31ra bitartean ekoitzitakoak izan behar dira.
Kultura Zuzendaritza Nagusiak – Vianako Printzea Erakundeak Nafarroako film laburren katalogoa osatzeko deialdia zabaldu du, hirugarrenez. Helburua, horiek zinema industriako jaialdi, azoka eta merkatu garrantzitsuenetan aurkeztea da, baita Nafarroako Filmotekan, nazio-eremuko beste filmoteka batzuetan, kultur etxeetan eta zinema areto komertzialetan zabaltzea ere.
Maiatzaren 3ra arte dute zuzendari eta ekoiztetxe nafarrek azken hamabi hilabeteotan sortutako lanak bidaltzeko aukera. Euskaraz edota gaztelaniaz errodatutako lanak galdegin dituzte, eta horiek, gehienez, 30 minutuko iraupena izan beharko dute.
Nafarroa Shortzinema katalogora aurkezteko eskabidea online bete behar da, ezinbestean, eta horretarako, ondoko formularioa bete eta zehaztutako dokumentuak aurkeztu beharko dituzte interesatuek.
Batetik, obra zuzentzen duena nafarra edo Nafarroako bizilaguna dela ziurtatzeko, NANaren fotokopia edo erroldatze-agiria eskatuko zaio; ekoiztetxeen kasuan, egoitza soziala eta fiskala lurraldean dutela egiaztatzen duen agiria ere eskatuko dute.
Koprodukzioen kasuan, koprodukzio-kontratuak edo ekoiztetxe nafarrak ekoizpenaren % 50 baino gehiago duela dioen adierazpen sinatua aurkeztu beharko da. Euskarazko lanei dagokienez, Nafarroarekin duten lotura egiaztatzen duen memoria galdegingo dute.
Kasu guztietan, film laburra inskribatzen duen pertsonaren adierazpen sinatua, ekoizpen-data egiaztatuko duena, ere ezinbestekoa izango da; eta edukiz gero, ICAAren kalifikazioa ere erakutsi beharko da, baita nazionalitate ziurtagiria ere.
Nafarroa Shortzinema katalogoaren 2024ko deialdiari buruzko informazioa, hemen.