kritika-sobre todo de noche-zinea

Victor Iriarte zinemagile bilbotarraren opera prima Veneziako Mostrako 20. Giornate degli Autori sailean estreinatu zen iaz, eta nazioarteko hainbat sari irabazi ditu.

Donostia Zinemaldian hautaketa-batzordeko kide eta Elías Querejeta Zinema Eskolako irakasle den Victor Iriarte bilbotarraren opera prima FILMIN streaming plataforman ikus daiteke, gaurtik aurrera. Duero ibaiaren ertzean topatzen diren berrogeita hamar urteko bi emakumeren istorioa oinarri, hiru heriotza, bi lapurreta eta ihesaldi bat dituen genero beltzeko filma da Sobre todo de noche.

Gaztetan, Verak (Lola Dueñas) bere haur jaioberria adopzioan eman behar izan zuen, haren kargu ezin izan baitzen egin. Corak (Ana Torrent), aldiz, medikuak hala aitortuta, ezinezkoa zuen seme-alabarik edukitzea, eta adoptatzeko aukera proposatu zion. Batak zein besteak, ama izatearen esperientzia partekatuko dute, eta Egoz (Manuel Egozkue) gaztea da bien arteko lotura. Portugalera egindako bidaian, iragana gogoratu eta etorkizuna berridatzi nahiko dute.

KRITIKA | SOBRE TODO DE NOCHE: Indarkeria istorio bat da hau

Veneziako Mostrako 20. Giornate degli Autori sailean izan zuen Sobre todo de noche-k mundu mailako estreinaldia, eta ordutik, filma nazioarteko hainbat jaialditan proiektatu da, hala nola BFI London Film Festivalen, Chicagoko Zinemaldian, Mar del Platako Jaialdian, Toulouseko Cinespaña Jaialdian (Errealizazio Onenaren Saria), Roche-sur-Yon Zinemaldia (Film Onenaren Nouvelles Vagues Saria)… Espainiar Estatuari dagokionez, SEMINCI – Valladolideko Zinemaren Astean aurkeztu zuten, non kritikaren FIPRESCI Sari ospetsua jaso zuen.

Frantziako eta Portugalgo ekoiztetxeen parte hartzea du, baita ICAA, Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia, TVE, EiTB zein Televisió de Catalunya-rena ere.