20:00etan ekingo diote 2024ko edizioari, Benito Zambranok zuzendutako lanarekin. Aurretik, 16:30ean, Fernando León de Aranoak zuzendutako Barrio (1998) ikusteko aukera egongo da, eta zinemagile espainiarrak aurtengo ohorezko saria jasok du ekitaldian. Larunbatean Indarkeriaren oi(h)artzunak (Amaia Merino eta Ander Iriarte) pantailaratuko dute.
Benito Zambrano zinemagile andaluziarraren El Salto filmak abiaraziko du gaur Giza Eskubideen 21. Zinemaldia, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. 20:00etan pantailaratuko dute Sahara hegoaldeko migratzaileek bizi duten egoera salatzen duen istorioa. Europarako ateetatik igarotzeko ekiten dioten bidaia latza ez ezik, behin Europan sartzea lortu dutenean, bizitza duin bat lortzeko ekiten dioten borroka ere salatuko ditu lanak.
Moussa Sylla eta Edith Martínez-Val dira aktore nagusiak, igeltsero lanetan dabilen Ibrahim eta Mariama protagonistak interpretatuko dituztenak. Poliziak Ibrahim atxilotuko du, eta erresidentzia baimenik ez duenez, bere herrialdera deportatuko dute. Une horretatik aurrera, bere helburu bakarra Espainiara itzultzea izango da, Mariamarekin eta jaiotzeko zorian den bere alabarekin elkartzeko. Afrika zeharkatzea lortu ondoren, Gurugu mendian ezartzen da beste batzuekin; Afrika Europatik banantzen duen immigranteen kanpamentu batean.
Aurretik baina, 16:30ean, Elías Querejetak ekoiztutako eta klasiko bilakatu den Barrio (1998) berrikusteko aukera eskainiko dute, Victoria Eugenia Antzokian bertan. Izan ere, Fernando León de Aranoa filmaren zuzendariak Giza Eskubideen Zinemaldiaren Saria jasoko du saioan, eta filmaren emanaldiaren ostean hitza hartuko du. Aldiz, 22:30ean, film luzeen sail ofizialeko lehen lana ezagutu ahalko da: Woman of… / Kobieta z… (Małgorzata Szumowska eta Michał Englert).
Egiaren errekonozimendua
26 film luze eta 19 film labur erakutsiko dituzte apirilaren 19ra bitartean egingo den zinemaldian, eta ekoizpen euskal herritarrak ez dira faltako. Larunbatean bertan Indarkeriaren oi(h)artzunak (Amaia Merino eta Ander Iriarte) proiektuaren mundu mailako estreinaldia hartuko du VEAk, Tamara Muruetagoienaren egiaren eta justiziaren bilaketa nekaezina erakutsiko duena: ETAk bere familia bahitu eta Estatuak aita torturapean hil zuen duela 40 urte, eta orain, kamerari zuzenean begiratuz kontatuko ditu bere oroitzapenak.
Merinoren hitzetan, “irudikaezina dena irudikatzeko” Adur Larrearen animazioa erabili dute bi zuzendariek: “Tamara haurra besterik ez zen hau guztia gertatu zenean, eta filma haren begiradatik eraikia denez, Adur Larrearen trazu ‘garbia’ uste genuen izango zela biderik onena. Iriartek, bere aldetik, pelikularen fokua zein den nabarmendu du: “Pelikulak ez du jartzen fokua torturan, baizik eta pertsonaren [Tamararen] ibilbidean. Zein luzea den, eta dituzten konplikazioetan, errekonozituak izateko.
Emanaldiaren ostean Iriartek, Merinok, Muruetagoienak eta Juana Balmasedak (giza eskubideen urraketak jasan zituzten biktimen aitorpenerako eta erreparaziorako Balorazio Batzordeko presidentea) hitza hartuko dute.