Urrezko Palmaren lehian 19 film izango dira, emakumezkoek zuzendutako lau proiektu soilik. George Lucas zinemagile estatubatuarra da 77. edizioko ohorezko sariduna.

cannes 2024-zinea

Hilabete eskas gelditzen da urteko zinema hitzordu garrantzitsuenerako, Cannesko Zinema jaialdia. 77. edizioa ospatuko du maiatzaren 14tik 25era bitartean, eta bertan bilduko dira, besteak beste, Paolo Sorrentino, Andrea Arnold, Francis Ford Coppola, Jia Zhang-Ke, Kirill Serebrennikov edota Yórgos Lánthimos. Izen handiak eta aitortuak denak ere, beren lan berrienekin Urrezko Palmaren lehian arituko direnak.

Thierry Frémaux jaialdiko zuzendariak prentsa agerraldian argitu du 2024ko hautaketa, Parisen, eta sail ofiziala osatuko duten ekoizpenak zein lehiaz kanpo erakutsiko dituztenak, Cannes Premiere atal berezikoak, gauerdiko emanaldiak, eta Un Certain Regard sailekoak zerrendatu ditu.

Aurretik ezaguna zen Quentin Dupieuxen The Secod Act-ek abiaraziko zuela aurtengo ekitaldia, eta azken egunotan publko egin dutenez, Coppolaren itzulerako lana, Megalopolis, ere bertan lehiatzekoa zen. Sorpesak aurretik ematea erabaki du Frémauxek, eta ikusteke egon da gaurko besterik utzi duen. Sail ofizialean zinemagile kontsagratuak ageri dira batez ere, eta berehala bilakatu dira sari gorena irabazteko faborito, besteak beste, Partenope (Sorrentino), Limonov – The Ballad (Serebrennikov), Caught By The Tides (Zhang-Ke) eta Kinds Of Kindness (Lánthimos). Horiekin batera lehiatuko dira The Apprentice (Ali Abbasi), Motel Destino (Karim Ainouz), Emilia Perez (Jacques Audiard), Anora (Sean Baker), The Shrouds (David Cronenberg), Grand Tour (Miguel Gomes), Marcello Mio (Christophe Honoré) , L’amour Ouf (Gilles Lellouche), Oh Canada (Paul Schrader) eta The Girl With The Needle (Magnus Von Horn). Aldiz, Urrezko Palma irabazteko emakumezko hautagaiak lau dira soilik: Bird (Arnod), The Substance (Coralie Fargeat), Wild Diamond (Agathe Riedinger) eta All We Imagine As Light (Payal Kapadia); epaimahai ofizialaren buru Greta Gerwig izango da.

Lehiaz kanpo George Millerren Furiosa: A Mad Max Saga eta Kevin Kostnerren Horizon, An American Saga dira bereziki nabarmendu diren proiektuak, eta Ohorezko Palma George Lucas estatubatuarrak jasoko du, Star Wars eta Indian Jones sagen ekoizle eta sustatzaileak.

Cannes Premiere atalean Leos Carax frantziarraren C’est Pas Moi-k sortu du ikusmina, eta Sergei Loznitsa ukrainiar miretsiaren The Invasion dokumentala emanaldi berezien atalean programatu dute. Un Certain Regard bigarren atal lehiakorrean -film aske eta irekiagoak jasotzen dituena- sortzaile berriei egin zaie beste behin tartea, eta Rodrigo Sorogoien zuzendari espainiarra izendatu dute bertako epaimahaiburu.