Ozeanoen aberastasun eta hauskortasunean ikus-entzuleak murgilduko dituzten film laburrak eta luzeak pantailaratuko dituzte, hilaren 24ra bitartean, CIMASUB Tour 23/24 zirkuitu ibiltariaren baitan. Saioei 19:00etan ekingo diote, Soreasu Antzokian; sarrera doan da.

CIMASUB AZPEITIA 2024-zinea

“Etorkizun urdina eraikitzen” lelopean, CIMASUB – Donostiako Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloak herriz herri egiten ari den tour ibiltaria berrartuko du, gaur. Iragan abenduan Eibarren abiatu zuten ekimena, eta Irunen izan da gero. Gaurtik aurrera, aldiz, Itsaspeko ikusizko jai baten epizentroa bilakatuko da Azpeitia, eta arduradunek adierazi dutenez, “mundu guztia gonbidatuta dago munduko argazkilari eta bideografo onenak biltzen dituen esperientzia paregabe honetan parte hartzera”.

Pasioa, borondatea, talentua eta itsasoarekiko maitasun amaigabea biltzeko berezko gaitasunagatik ospea bereganatzen ditu CIMASUBek. Itsaspeko Real Sociedad eta Bizinema elkarteak antolatuta, Donostian ospatu ohi  da urtero, eta ostean, bertan parte hartzen duten ikus-entzunezkoak herriz herri erakusten dituzte.

Bada, Azpeitiko Udalaren babespean, hiru saio izango ditu ekimenak: apirilaren 10ean, apirilaren 17an eta apirilaren 24an. Laugarrenez iritsiko da zikloa hirira, eta oraingoan 23 film labur eta 3 dokumental proiektatuko dituzte, Soreasu Antzokian. Pantailaratuko dituzten lanek itsasoarekiko pasioa islatzen dutela zehaztu dute antolatzaileek: “Beren artearen bidez, ozeanoen edertasun bikaina eta degradazio larrigarria erakusten dituzte. Zinegile horiek gizateriak Lurreko biziraupenerako bizi-ekosistema batean egiten duen presioa azpimarratzen dute”. Tartean, euskal ekoizpen bat erakutsiko da, Sara Lizartza gipuzkoarrak eta Cesare Maglioni italiarrak sortutako Itsaso Bizia film laburra.

Ziklo ibiltariaren programa ezagutu, hemen.