Gasteizko Orbain Kultur Elkarteak astearteroko zinema eskaintza berria argitu du, eta ondoko gaiak jorratuko dituzte: erlijioa eta bere ‘egiak’, arrazoia, etika, sare sozialak, demokrazia… Saioak 19:00etan hasiko dituzte, kultur elkartearen egoitzan.
Erlijioaz, fedeaz eta sinesmenez hausnartzeko tartea hartuko dute gaur Orbain Kultur Elkarteko kideek, apirileko zinema eskaintzari hasiera emanez. Aste Santua bukatu berritan, pertsonok sinesmenik gabe bizi gaitezkeen galdetuko die ikus-entzuleei Carl Sagan astronomo eta zientzia-dibulgatzaile estatubatuarraren Cosmos lan sortako zazpigarren atala den The Backbone of Night (1980) pantailaratuz. Saioa, ohi bezala, 19:00etan abiatuko dute, elkarteak Gasteizen duen egoitzan, eta Andoni Arenaza Albizua idazleak aurkeztuko du, Kristautasunari Azterketa kritikoa (2008) liburuaren egileak.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hauteskunde orokorren bezperako astean, apirilaren 16an, tresna teknologikoon alde ilunak aztertzen dituen dokumentala proposatuko dute, hain zuzen ere, gure demokraziarentzat eta hauteskunde-sistemarentzat mehatxu ote diren galdekatuko duena, Kataluniako erreferendumaren kasua abiapuntu hartuz: La batalla de les xarxes socials (David Fontseca, 2023) ekoizpen kataluniarra.
Azkenik, musikarekin agurtuko dute egitaraua. Hilaren 23an, Hala Bedi Irratiko ‘El Pintalabios’ saioko Jose Luis Blanco eta Fernando Lopez de Heredia musika adituek Oil City Confidential (Julien Temple, 2009) aurkeztuko dute. Dr. Feelgood taldearen inoiz kontatu gabeko historia ezagutu ahalko dute bertaratutakoek, Sex Pistols edota The Clash talde mitikoen aitzindaritzat dutena, horien eztanda kulturala bultzatu zuena nolabait.