Josu Martinez dokumentalaren zuzendariak emanaldiaren osteko solasaldian parte hartuko du Joseba Sarrionaindia eta Nora Arbelbiderekin batera. Saioa apirilaren 11n izango da, 20:30ean hasita.
Basaizea Kultur Batasunak, Baigorriko eta Ortzaizeko irakurle taldeekin antolatuta, Mirande, film bat egiteko zirriborroa (2023) dokumentala pantailaratuko dute, apirilaren 11n, Kulturaldiaren baitan. Lana Baigorriko Bil Etxean egongo da ikusgai, 20:30ean hasita, eta emanaldiaren ostean, Martinezek berak, Joseba Sarrionaindia idazleak eta Nora Arbelbide Lete idazle eta kazetariak solasaldian parte hartuko dute. Sarrerak 5 euro balio du.
2023ko urtarrilaren 4an 50 urte bete ziren Jon Mirande Aipharsoro euskal idazlearen gorpua hilik aurkitu zutela, eta urteurrenarekin batera, zinemagile, idazle eta komunikazioan doktorea den Josu Martinezek Parisen jaio eta hil zen egile eta pentsalariari buruzko dokumentala prestatu zuen. 71. edizioko Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean aurkeztu zen filma, eta Hasparneko 12. Zinegin festibalean eta Gasteizko Euskal Zinema Dokumentalaren IX. Astean erakutsi dute gero.
XX. mendearen erdialdean, euskara goi literatura egiteko gai zela demostratu zuen Mirandek. Denek aitortzen diote bere garrantzia. Baina gai tabua da oraindik. Hari buruz denetarik esan da. Arrazista zela. Pedofiloa. Nazia. Pedofiloa. Inmorala. Haren gaineko berri bakoitzak, kontrako iritziak harrotzen ditu. Ez dakigu zer egin berarekin.
KRITIKA | MIRANDE, FILM BAT EGITEKO ZIRRIBORROA: Bere hitzen baitan
Hala, Tentazioa eta Gastibeltza Filmak ekoiztetxeek babestutako proiektuan, Miranderi eman dio Martinezek hitza, berak propio zuzendu eta Miel A. Elustondorekin batera idatzitako dokumentalean: “Jon Miranderi buruzko film bat egin nahi dut. Baina ez dakit nola. Agian, behingoz, berari eman behar zaio hitza”.
Joserra Senperen musikariak konposatu du soinu banda, eta Xanti Salvador arduratu da soinuaren diseinuaz. Ibai Castro Egia da argazki zuzendaria, eta Ane Antoñanzas. Mireia Gabilondo eta Katti Pochelu ekoizpen eragileak. EiTB, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Kanaldude ere proiektuaren laguntzaileak dira.