Bertha Gaztelumendik eta Rosa Zufiak zuzendutako dokumentala ostiralean, apirilaren 12an, estreinatuko zinema-areto komertzialetan. Gurean, Donostiako Principe zinema-aretoan ikusi ahal izango da.

Azkenean, emakumeen ahotsa entzuten hasi da zineman ere bai. Atzoko eta gaurko emakumezko euskal zinemagileak protagonista dituen, eta gaiaren ikuspegi unibertsala erakusten duen ARNASA BETEAN. EMAKUME ZINEGILEAK (2023) dokumentalak zirkuitu komertziala abiatuko du aurki.

Bertha Gaztelumendik eta Rosa Zufiak eman zuten urratsa: emakumezko hiru urpekariren bidaiaren bidez, hamarnaka emakumek egindako lanari errepasoa eman diote, euren begiradatik, ametsetatik, aurrera ateratzeko ekinetik eta, batez ere, zinemari eta gizarteari egindako ekarpena balioan jarri beharretik. Hala, aitzindari eta bide urratzaile izandako horien eta, egun, zinema jaialdi nagusietatik igarotzearen arrakasta ezagutzen ari diren gazteen testigantzak jarri dituzte errelatoaren erdigunean.

Euskal Herriko hainbat txokotan (Donibane Lohizune, Pasai Donibane, Elantxobe, Hondarribia, Jaizkibel eta Iruñea, besteak beste), Madrilen eta Menorkan filmatu zuten, 2022ko iraila eta abendua bitartean eta, arestian aipatu bezala, atzoko eta gaurko euskal emakume-zinemagileak ditu protagonista: Maria Elorza (A los libros y a las mujeres canto), Maider Oleaga (Muga deitzen da pausoa), Arantxa Echevarria (Carmen y Lola; Chinas), Mireia Gabilondo (Kutsidazu bidea, Ixabel; Amaren eskuak; Erlauntza), Lara Izagirre (Nora; Un otoño sin Berlín), Alauda Ruiz de Azua (Cinco lobitos), Ana Diez (Todo esta oscuro; Ander eta Yul), Esti Urresola (20.000 especies de abejas), Leire Apellaniz (El último verano); Isabel Herguera (Amore D’Inverno;  El sueño de la sultana), Bego Vicario (Pregunta por mí), Izibene Oñederra (Lursaguak), Ana Murugarren (La higuera de los bastardos), Marina Lameiro (Young & Beautiful; Dardara), Arantza Santesteban (918 GAU), Maddi Barber (592 metroz goiti), Maite Ruiz de Austri (El regreso del viento del norte; ¡Qué vecinos tan animales!)

KRITIKA | ARNASA BETEAN: Bidea urratu dutenen ausardiari

Era berean, filmak Pilar Rodriguez Deustuko Unibertsitateko ikertzailearen analisia ere jasotzen du, eta Ur Joko Elkarteko (Donibane Lohizune) Elorri Arin, Morgane Baud, Ainhoa Etxenik eta Ihintza Urtxegi arraunlariek parte hartu dute.

Filmak Donostiako Zinemaldiaren 71. edizioan, Euskal Zinemaren Galaren baitan, izan-zuen mundu mailako estreinaldia, eta ostean,  TIFF – Tokyo International Film Festival jaialdiak euskal zinemari eskainitako leihoan, Madrilgo Emakumeen VI. Zinemaldian edota ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 65. edizioan erakutsi dute, besteak beste. Era berean, zinema aretoetara iritsi aurretik, Nantesko Festival du Cinéma Espagnol jaialdiaren 33. edizioan parte hartu du, Fenêtre Basque atalean, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat kultura-zentroetan eskaini dute, zuzendarien aurkezpenez edota solasaldiez lagunduta.

Bada, filma datorren ostiraletik aurrera izango da ikusgai Donostiako Principe (SADE) zinema-aretoan.