Hautaketa batzordeak Rosa y Violeta. Void. (Ainize Sarasola), Los hombres caballos (María García Macarro) eta Altxaliliak (Maria Iribarne Olhagarai) aukeratu ditu aurtengo mentoretza-programan parte hartzeko. Zuzendari bakoitzak 4.000 euroko laguntza ekonomikoa jasoko du.

NOKA Mentoring programak denbora, espazioa, testuingurua eta akonpainamendu profesionala eskaintzen die Euskal Herrian jaio zein bizi diren, eta fikziozko edo ez-fikziozko film luze baten proiektua eskuartean duten zuzendari berriei. Horretarako, ahalik eta osoena izango den zuzendari-txosten bat egiteko baliabide eta laguntza eskaintzen zaie, nazioarteko industria zinematografikoko foro profesionaletan egun eskaintzen diren diru-laguntza batzuk eskuratzeko aukera izan dezaten.

Bada, Donostiako Tabakalera – Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak 2024ko hiru proiektu onuradunen berri eman du; horien zuzendari bakoitzak 4.000 euroko laguntza ekonomikoa jasoko du, proiektua ahalik eta baldintza onenetan garatzeko aukera izan dezan.

Jarraian dituzue hautatutako proiektuak:

  • Rosa y Violeta. Void., Ainize Sarasola
  • Los hombres caballos, María García Macarro
  • Altxaliliak, Maia Iribarne Olhagarai

Mentoretza-programak bi alderdi nahastuko ditu -batetik, sormena bera, film baten ideazio-prozesura heltzeraino; eta, bestetik proiektu horiek merkatuan eta zinemaren industrian txertatzeko beharrezkoak diren moduluen eskaintza-, eta zuzendariek hiru tutore izango dituzte proiektuen jarraipenean: Jaione Camborda, Virginia Garcia del Pino eta Estibaliz Urresola.

Emakume zuzendari berriei laguntza

Eusko Jaurlaritzak bultzatutako programa da Noka Mentoring, Tabakalerako zinema eta ikus-entzunezkoen arloak koordinatzen du Zineuskadirekin lankidetzan garatutakoa.

Zuzendari talentudunak eta begirada zinbiematografiko propioa garatzeko gogoa dutenak babestu nahi dira; bilaketa-prozesua obraren zati gisa ulertzen dutenak; zirriborratzen hasi diren irudi eta soinu horien zergaitiari buruzko galderak egin nahi dituztenak; beren proiektuetan dimentsio artistiko eta sortzailea ez ezik, zinemaren industrian eta prozesu profesionaletan parte hartzeko beharra integratzen dituztenak; eta baira zinemaren hiru garaiekin -iragana, oraina eta etorkizuna- elkarlotzeko aukera dutenak.

Zinema tradizio artistiko baten parte dela eta, aldi berean, ahots berriak behar dituen industria baten parte dela ulertzeko, begirada anitzen aberastasuna bilatzeko, exijitzeko jarrera hori baloratu ohi da urtero proiektuak aztertzerakoan.