Bidean sendo ari da Negu Kolektiboak sinaturiko lehen filma. Euskal Herriko gatazkaren amaieran kokatuta, ihesaldi baten erretratua egiten du pelikulak; Jone Laspiur du protagonista nagusia.

Negu Hurbilak-estreinaldia-zinea

Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko herri ugaritan otsailaren 23an estreinatu ostean, Negu Kolektiboaren Negu Hurbilak filmak herriz herriko zirkuituari eutsiko dio apirilean ere. Begin Again banatzailearen eskutik, zinemagile euskal herritarrek eta kataluniarrek osatutako taldearen lehen fikziozko film luzea Leioa, Mutriku, Oiartzun, Ermua, Bilbo eta Igorre udalerrietan ikusi ahalko da datozen asteetan, eta baita Euskal Herriko mugez kanpo ere, bina emanaldi egingo baititu Kataluniako Figueresen.

13-14-15 | LEIOA – Kultur Leioa

14 | MUTRIKU – Udaletxea

16 -18 | FIGUERES – Cinemes Figueres

18 | OIARTZUN – Landetxe Aretoa

23 | ERMUA – Ermuako Antzokia

23 | BILBO – FAS Zinekluba

28 | IGORRE – Lasarte Aretoa

Ihesaldi isil baten kontaketa

Isolamenduari, itxaroteari eta nortasun irrikari buruzko lana da Negu Hurbilak, eta ihesaldi baten historia kontatzen du: ETAk jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragarri du. Emakumezko gazte bat ihesi doa helburu argi batekin: muga zeharkatzea, bai baitaki hala etxetik urrundu ahal izango dela, jaioterrian ez baitago seguru. Ihesean doala, Zubieta herrira iritsiko da. Mugako herri horretan, antzinako mitoek eta gaur egungo konfliktoek bat egiten dute, antza. Herriko etxe bateko ganbaran ezkutatuta, harria bezain mugigaitza den hango egunerokotasuna ezagutuko du. Denbora igaro ahala, egunak gau eta gauak egun bihurtzen diren leku horretan, gaztearen ihesaldia gero eta korapilatsuagoa bilakatuko da.

KRITIKA | NEGU HURBILAK: Bakardade-min isila, lainopeko labirintoan

Zubietan (Nafarroa) burutu zituzten errodaje lanak eta, hain zuzen, bertako herritarrak – Beñardo Mutuberria, Ana Hualde, Markos Juanikorena, Ibai Juanikorena eta Bautista Santesteban- aritu ziren antzezle lanetan. Haiekin batera, Jone Laspiur  da aktore profesional bakarra, neska protagonistaren azalean.

Ekain Albitek, Mikel Ibargurenek, Nicolau Mallofrék, Xalba Ramirezek eta Adrià Rocak idatzia; Albite bera eta Edu V. Romero arduratu dira edizio lanez. Javi Sevak egin ditu argazki-zuzendaritza lanak, eta Justina Monserrat aritu da arte-zuzendari. Maluta* Films (Euskal Herria) eta Cornelius Films (Herrialde Katalanak) ekoiztetxeen babesarekin.

Locarnoko 76. Zinemaldian izan zuen Negu hurbilak  filmak mundu mailako estreinaldia,  Cineasti del Presente sailean, eta Epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso zuen.  Ostean, SEMINCI Valladolideko Nazioarteko Zinema Astean izan zuen agertoki  lanak, eta Márgenes – Madrilgo Nazioarteko Zinemaldian lehiatu da berriki, Epaimahai Gaztearen Saria lortuz.