Oskar Alegriaren Zinzindurrunkarrtaz ez-fikziozko lana eta Uniko ekoiztetxe bilbotarrak babesturiko To Bird or not to Bird (Marin Romero) animaziozko film laburra erakutsiko dituzte, besteak beste. Saio guztiak 19:30ean hasiko dira, eta sarrera doan da.
Ecozine – Nazioarteko Ingurumen Zinemaldiak gaur abiatuko du 2024ko edizioko sail ofiziala. Martxoan Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako saioak egin ostean, herritar guztientzat irekitako egitaraua prestatu dute orain, hilaren 11ra arte luzatuko dena.
Iruñeko Golem Baiona zinema aretoan nazioarteko filmak ikusteko aukera egongo da, doan, eta emanaldi bakoitzaren ostean lanon zuzendariek ikus-entzuleekin hitz egiteko tartea hartuko dute, “bizitzako esperientziak eta egoerak” azaltzeko. Saio guztiak 19:30ean hasiko dituzte.
Jarraian duzue egunez eguneko egitaraua:
- Apirilak 8: Nuked (Andrew Nisker, 2023)
- Apirilak 9: Water for Life (Will Parrinello, 2023)
- Apirilak 10: Zinzindurrunkarratz (Oskar Alegria, 2023)
- Apirilak 11: To Bird or not to Bird (Martin Romero), Vuelta a Riaño (Miriam Martin, 2023) eta Donde quisimos vivir (Lucía Castillón eta Ana Valle del Río)
2008an Zaragoza hirian jaio zen Ecozine zinemaldia, eta 2017az geroztik Iruñean ere ospatzen da. Programa, hain zuzen ere, Iruñeko Hiri Agendaren barruan dago, eta hiri jasangarriago, berritzaileago eta inklusiboago baterako bidea errazten du.