‘Aldatu gidoia euskararen alde’ lelopean, euskarazko kultura eta ikus-entzunezkoen alde eta euskara eta euskarazko kultura oinarri izango dituen Euskal Irrati-Telebista publiko baten alde mobilizatzeko deia luzatu dute ‘Aldatu gidoia!’ ekimeneko kideek. Maiatzaren 18an, 17:30etik aurrera, Gasteizen egingo dute manifestazioa.
Gasteizen egindako agerraldi arrakastatsuan aurkeztu zuten 2023ko irailean Aldatu gidoia! eskaerarekin lotutako ekimena. EITBk azken urteetan hartu duen norabidearekin arduratuta agertu ziren bertan parte-hartu zuten ordezkariak, bai eta aldarria babestu zuten gainerako eragileak ere: “Ukaezina da kulturak herri kohesiorako duen garrantzia. Eztabaidaezina ikus-entzunezkoek iruditeria kolektiboa sortzeko eta hizkuntza normalizatzeko duten garrantzia. Hala, kezkaz ikusten dugu Eusko Jaurlaritzak ez duela euskarazko kulturaren eta euskarazko ikus-entzunezkoen alde behar beste egiten. Jaurlaritzaren ikus-entzunezkoetako politikek euskara zokoratzea ekarri dute, euskaldunon hizkuntzak eskubideak ez direlarik bermatzen” azaldu zuten.
Era berean, Euskal Irrati-Telebista publikoak sorrerako helburuak baztertu dituenaren kezka ere agertu zuten: “Espainiar markoa gailendu da guztiz. Ondorioz, gaztelerak eta gaztelerazko telebista-irratiek hartu dute erreferentzialtasuna eta prestigioa euskaldunon artean eta gizartean, euskara eta euskarazko telebista eta irratiak bigarren mailan edo bazterrean geratu direlarik”. Manifestuaren sinatzaileen aburuz, “hanka-sartze larria” da hori hizkuntza-normalizazioaren ikuspegitik; “Hizkuntzarentzat zerbait estrategikorik bada, Euskal Telebista Indartsua izatea da”.
Bi hilabeteren bueltan, azaroan, agerraldia egin zuten Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean. Legebiltzarkideei kanpainaren aldarrikapenak ezagutzera eman zizkieten eta 2024ko Eusko Jaurlaritzako kultura politiketan eta aurrekontuetan eskariak aintzat har ditzaten eskatu zieten.
Era berean, kanpaina herritarrari buruzko informazioa biltzeko eta herritarren babesa jasotzeko espazioa zabaldu zuten change.org ataria. Gaur gaurkoz, 2500 sinaduratik gora bildu dituzte eta atxikimendua jasotzen jarraitzeko asmoa agertu dute. Sinatzaileen artean, euskalgintzako, hezkuntzako, kirol arloko zein ikus-entzunezko alorreko norbanakoek, kazetariek, legegileek, sindikalistek, kulturgileek eta diziplina anitzeko 32 gizarte-eragilek ere babestu dute ekimena.
Aldatu Gidoia Euskararen Alde kanpaina herritarrari buruzko informazioa, eta sinatzeko aukera, HEMEN.
Kanpainaren eskariak
Aldatu Gidoia Euskararen Alde kanpainako kideek euskararen eta euskaldunen hizkuntza eskubideen alde “gidoia aldatu” eta euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza ‘zabal, duin, eguneratu eta erakargarria’ osatzeko deia luzatu diote Eusko Jaurlaritzari. Hainbat puntu biltzen ditu eskariak:
- Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren urteko aurrekontuaren %5a euskarazko ikus-entzunezkoetara bideratzea. Ehuneko horretako bi heren euskaraz ekoitzitako lanak finantzatzeko diru-laguntza lerro propioa sortzera bideratzea litzateke ideia, eta gainerako herena zinema eta plataformetarako edukiak euskarara bikoizteko diru-laguntza lerroa sortzera.
- EITBk Euskal Herriko zazpi lurraldeak aintzat har ditzala, honen aurrekontuaren %75 euskarazko eduki eta programetara bideratzea eta eduki guztiak euskara bikoiztuta edo azpidatzita ematea ere eskatu diote.
- Diru publikoz finantzatutako euskarazko bikoizketa/ azpidatzi guztiak egokitu eta plataformetara helaraztea, Espainiako Estatuko Ikus-entzunezko Legeak agintzen duen bezala.
- Inklusioaren eta hizkuntza-normalizazioaren ikuspegitik, azpidatzien erabilera-politikak diseinatu eta erabilera orokortzea.
- Zineman eta plataformetako euskarazko estreinaldiak iraunkorki promozionatzea. Oro har, euskaraz sortu, bikoiztu eta azpidatzitako lanen ondare publikoa babestea, zaintzea eta hedatzea.
- EITBn euskarazko kulturari eta sortzaileei lehentasunezko tokia egitea, gutxieneko kuotak ezarriaz.
- Bideo-jokoen industriako ehun asoziatiboarekin eta enpresarialarekin harremanak sortzea eta lan egitea.