Pablo Iraburuk zuzendutako eta Beatriz Setuain Arraiza produkzio buru duen Arena Comunicación Audiovisualek ekoiztutako proiektuak 6.000 euro jaso ditu opari, beronen garapena sustatzeko. Amelia Tiganus idazle eta aktibista feministaren biografia kontatuko du animaziozko film luzeak.
Bordeleko Cartoon Movie jaialdiaren baitan egin den animaziozko film luzeen koprodukzio foro europarrean eman dute 2024ko Euroeskualdeko Animazio Sariaren irabazlearen berri. Akitania Berriko, Nafarroako zein EAEko zazpi finalistek industriako profesionalek osatutako epaimahaiaren aurrean defendatu behar izan dituzte beren proiektuak, eta La revuelta de las putas aukeratu dute garaile.
Pablo Iraburuk zuzendutako eta Arena Comunicación Audiovisualek ekoiztutako proiektuak Amelia Tiganus idazle eta aktibista feministaren biografia du abiapuntu. Bada, Ameliaren orainaren eta iraganaren arteko zubia egiten du animaziozko film luze honek: umetan abusuak jasan zituen Errumanian, salerosketa-sare batean saldu zuten eta bost urtez esplotatu zuten Espainiako hainbat prostituzio-etxetan.
Animazioari esker, protagonistaren iragan ilunean barneratuko da ikuslea, eta egungo gizartearen alderik ilunenari helduko dio. Filmak Ameliaren energia ere nabarmendu nahi du, bere kontakizun inspiratzaile eta zirraragarria, gizarte bidezkoago baten alde borrokatzera eta pertsona hobeak izateko berrasmatzera bultzatzen duena.
Beatriz Setuain Arraiza Arena Comunicación Audiovisual ekoiztetxeko produkzio zuzendariak esker hitzak izan ditu: “Pozik eta oso eskertuta gaude babes honengatik, proiektu honen garapenean are gogo handiagoz lanean jarraitzeko. Sariaz gain, Euroeskualdeari eskertu behar diogu beste sortzaile batzuekin elkartzeko foro bat eraiki izana. Gure proiektua elkarlanekoa da eta konexio horiei esker asko haziko da”.
Proiektuak garatzeko laguntza
Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak -Akitania-Berria Eskualdeak, Akitania Berriko Zinema eta Ikus-entzunezkoen Liburu Agentziak (ALCA), Eusko Jaurlaritzak, Zineuskadik eta Nafarroako Gobernuak- sustatutako Euroeskualdeko Animazio Sariaren funtsa aipaturiko lurraldeen ararteko ikus-entzunezko lankidetza-proiektuak sustatzea da. Bada, horretarako eskatzaileak Euroeskualdeko hiru lurraldeetakoren batean kokatuak egon behar izaten dira eta aurkezten duten ekoizpena animaziozko serie, mini-serie, film luze edo labur bat izaten da.
Aukeratutako proiektuen pitching saioak martxoaren 5etik maiatzaren 7ra bitartean gauzatu dira, Bordelen egin duten Cartoon Movie foroaren baitan, eta aurkezpenek ezin izan dute 8 minutu baino gehiago iraun. Epaimahaiak edukien kalitate artistikoa eta originaltasuna, garapen egoera eta aurrekontua, bai eta Euroeskualdearen sustapena ere ebaluatu ditu, eta proiektu irabazleak 6.000 euroko saria jaso du.