Modern Times (1936) pantailaratuko dute datozen egunotan Euskadiko Filmategiaren egoitzetan; euskarazko eta gaztelaniazko intertituluekin. Bolognako Cinetecak zaharberritu du artista britainiarraren azken film mutua izan zena.

Klasikoak 2024-zinea

Metalurgiako langile bat erotu egingo da egiten duen lan mekanikoaren ondorioz. Osatzen denean, atxilotu egingo dute manifestazio batean —nahi gabe— parte hartzeagatik, eta kartzelan matxinada bat kontrolatzen lagunduko du, hori ere nahi gabe. Ondorioz, aske utziko dute. Azkenean, urrundu egingo da, kalean ezagutu duen umezurtz baten eskutik.

Ezaguna da Garai modernoak / Modern Times (1936) filmak kontatzen duena, inor gutxi baitago Charles Chaplinen azken lan mutua ezagutzen ez duenik; pantaila handian ikusteko aukera, baina, ez da gehiegirik egon orain arte. Bolognako Cinetecak L’Immagine Ritrovata laborategi aitzindariak zaharberritu du artista britainiarraren maisulana, eta Donostia Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak antolatutako Klasikoak ziklo eraberrituari hasiera emango dio gaur bertan. Donostiako Tabakalera zentroan egongo da ikusgai, 19:00etatik aurrera, euskarazko eta gaztelaniazko intertituluekin.

Datozen egunetan filmategiaren gainerako egoitzetan ere eskainiko dute: Iruñeko Golem Baiona zinema aretoan (apirilaren 9an), Gasteizko Artium Museoan (apirilaren 11n), Bilboko Bizkaia Aretoan (apirilaren 13an), eta Donibane Lohitzuneko Cinéma Le Sélect aretoan (apirilaren 15ean).

Guztira, 12 izango dira apiriletik ekainera bitartean Klasikoak zikloaren baitan proposatuko dituzten lanak, Lyongo Lumière Institutuarekin lankidetzan ekarritakoak. Jarraian duzue zerrenda:

  • Modern Times (Charles Chaplin, 1936)
  • Esa pareja feliz (Juan Antonio Bardem eta Luis García Berlanga, 1951)
  • Peeping Tom (Michael Powell, 1960)
  • Cross of Iron (Sam Peckinpah, 1977)
  • The Apartment (Billy Wilder, 1960)
  • Les ordres (Michel Brault, 1974)
  • L´inconnu de Shandigor (Jean-Louis Roy, 1967)
  • Adieu, Chérie (Raymond Bernard, 1946)
  • Koibumi (Kinuyo Tanaka, 1953)
  • Sur (Fernando E. Solanas, 1988)
  • Classe tous risques (Claude Sautet, 1960)
  • Not a Pretty Picture (Martha Coolidge, 1976)

50 film eta 120 emanaldi baino gehiago izango ditu aurten Klasikoak zikloak, eta antolatzaileek aurkezpen agerraldian azaldu zutenez, “denboran eta espazioan luzatutako zinema klasikoko jaialdi” baten itxura hartuko du. Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak azaldu duenez, “Klasikoak zikloari esker, garai guztietako zinema ekarriko dugu gaurko egunera, eta, hein handi batean, nazioarteko beste zinemateka batzuekin izaniko lankidetza-sareari esker izango da posible, beren zaharberritzeak aurkeztuko baitituzte”.

Jose Luis Rebordino Zinemaldiko zuzendariak, bere aldetik, bi erakundeon arteko elkarrekinztari jarri dio azpimarra: “Klasikoak programak ederki erakusten du bi erakunde elkartzean eta elkarrekin lanean hastean —kasu honetan, Euskadiko Filmategia eta Donostia Zinemaldia—, urrunago irits daitezkeela eta zentzu eta indar handiagoa eman diezaieketela beren kabuz egiten dituzten proiektuei”.

Zinemaldiko eskaintza

Donostia Zinemaldiaren 72. edizioaren baitan, Italia biolentoa. Polizia-zinema italiarra zikloa programatuko dute. Istituto Italiano di Culturarekin lankidetzan, “herrialdearen erretratu egokia egiten asmatu zuen generoa” aurkeztuko dute, 20-25 film pantailaratuz. Gainera, Felipe Cabrerizok zikloaren komisarioa izango den Quim Casasekin batera idatzitako liburu bat argitaratuko dute, eta irailean eztabaidagune bat zabalduko da, film-ondarea zaharberritzeari, zaintzeari eta zabaltzeari buruzkoa.

Italiar zinema poliziakoaz gain, Zinemaldi garaian film klasiko bat proiektatuko dute egunero. Tasio (Montxo Armendariz, 1984) izango da lehena, aurten 40 urte beteko dituena. Zinema unibertsaleko lan esanguratsuak berreskuratuko dituzte hurrengo egunetan.