Lidergoa eta autogestioa oinarri, eta (H)emen elkartearen bitartekaritzari esker, emakumeei zuzendutako lantegia eskainiko du Mariana G. Roberts aktoreak Donostian.

Zenbat aldiz kobratu duzu behar baino gutxiago? Zenbatetan jaso du beste batek zure lan gogorrari dagokion aitortza? Eta, zenbat aldiz isildu zara gatazkari ihes egiten irakatsi dizutelako? Norberaren inpaktu-estiloa zehazteko eta barne-segurtasuna indartzeko oinarriak eraikitzeko espazioa izango da honakoa, lan-arloko inpaktuak ahalik eta higadura gutxienarekin igaro ahal izateko. Halaber, lanak eragindako beldur profesional eta pertsonal nagusiak kudeatzen eta taldeen lidergoari buruzko zalantzak argitzen ikasi ahal izango dute bertaratzen diren sektoreko-profesionalek.

(H)emen – Ikus-entzunezkon eta Arte-eszenikoen sektoreetako emakumeen elkarteak sustaturiko hitzordua da honakoa eta, hain zuzen, langintza horietako emakume profesionalei eskainitako saioa da. Bilbon ospatu zuten iaz topaketa honen beraren lehen edizio bat, eta joaterik izan ez zuten bazkideek hala eskatuta, aurten errepikatzea erabaki dute.

Mariana G. Roberts aktore eta aktibistak gidatuko du, pasioz eta askotan malkoz ere bai,  bi antzerki konpainia sortu, mantendu, eta nazioarteko biren ekoizpenak aurrera eramanez trebaturikoa. Horrekin batera, zuzendaritza-artistikoan aritu eta hanbat topaketa bideratu eta ikasketa zuzendu ditu ere.

Arestian aipatu bezala, Donostian egingo dute lantegia, Tabakaleran kokaturiko 2DEO espazioan, datorren maiatzaren 11n. Lau orduko iraupena izango du saioak -13:30etik 14:30ra-, eta “oso modu praktikoan” landuko dituzte edukiak.

Doako saioa izango da (H)emen Elkarteko bazkideentzat, eta gainerako parte-hartzaileek 10€-ko kuota ordaindu beharko dute. Bi kasuetan, inprimaki honetan izena emanda konfirmatu beharko da parte-hartzeko asmoa.

Halaber, Mariana G. Roberts gidariak berak galdera batzuk luzatuko dizkie saiora joateko interesa dutenei, jasotako erantzunen arabera moldatuko baititu ikastaroaren edukiak.