Euskaltel Euskadik eta EiTBk txirrindulari-taldeari eta haren zaleei buruzko film luzea estreinatuko dute 2024ko udazkenean. Herritarrek elastiko laranja jantzita bideoak bidal ditzakete ahalbidetu duten webgunera, ikus-entzunezkoan ager daitezen.
Bete-betean da Euskal Herriko Itzulia, eta urtero legez, euskal lurraldeetako errepideak jendez lepo ari gara ikusten. Aurten gainera, lasterketaren mendeurrena medio, gutxitan bezala zazpi lurraldeetatik igaroko da proba, eta txirrindulari zaleek mundu mailako kirolari onenak bertatik bertara animatzeko aukera izango dute. Tartean izango dira Euskaltel Euskadi taldeko ziklistak, elastiko laranja soinean dutela bide bazterrean izango diren milaka lagunen animoak jasotzen.
Esan izan da euskal zaletuak direla gartsuenak, errespetuz txalotzen dutenak, eta emandako babesaren ordainetan, Euskaltel Euskadi eta EiTB dokumental berezia prestatzen ari dira, 2024ko udazkenean argia ikustea aurreikusten dutena. Andrea Naveran Euskalteleko marka-arduradunak eta Joseba Urkiola EITBko Kiroletako zuzendariak Euskal Herriko Itzuliaren aurkezpenean eman dute proiektuaren berri, eta adierazi dute “Euskaltel-Euskadiren zaleen bereizgarri diren sentimendua modu paregabean” jasoko duela, “grina eta indarra: benetako Marea Laranjaren izaera”.
Iraupen luzeko dokumentala izango da, eta txirrindularitza munduarekin lotura duten kide askok parte hartuko dute bertan. Bada, aurreratu dute “irudi horiek ikusleen bihotza ukituko” dutela, zaleak eta zale ez direnak “hunkitzeko gai” izango dela: “Taldearen sorrera eta bilakaera azalduko dute, bai eta haren zaleek Espainiako eta nazioarteko txirrindularitzaren munduan izan duen eragina ere”.
Gainera, proiektu irekia izango da, eta bertan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Webgune bat prestatu dute (https://www.euskaltel.com/eu/marea-laranja) non bideoak igo daitezkeen: “Hartu parte Marea Laranja dokumentalean. Igo zure bideoa, elastiko laranja soinean, gure taldea animatuz”. Ekarpena egiten dutenak azken kredituetan gehituko dituzte.