26 film luze eta 19 film labur erakutsiko dituzte apirilaren 12tik 19ra bitartean egingo duten ekitaldian. Fernando León de Aranoa zinemagile  espainiarra izango da 2024ko omendua.

21-giza-eskubideen-zinemaldia-kartela

Martxo bukaeran, 21. edizioaren aurrerapenaren berri eman zutenean ezagutu genuen Indarkeriaren oi(h)artzunak (Amaia Merino eta Ander Iriarte) proiektua Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiko sail ofizialean lehioatuko zela, eta gaur, beste hainbat euskal ekoizpen gehitu dituzte. Eneko Goia (Donostiako Alkatea), Ion Gambra (Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko zuzendari nagusia), Josemi Beltran (Donostia Kulturako zinema programazio arduraduna) eta Imanol Barrenetxea (Amnesty Internationaleko ordezkaria) arduratu dira apirilaren 12tik 19ra bitartean gauzatuko den ekitaldiko xehetasunak argitzeaz.

Pil-pilean dauden gaiak jorratuko dituzten filmak eskainiko dituzte astebetez -osasun mentala, migrazioak, lanaren etorkizuna, Ukrainiako eta Palestinako gatazkak, transexualen eskubideak etab.-, eta horien artean tartea izango dute Ione Atenearen Luces de sombra eta Aitor Gonzalez de Langaricaren Muerte en Amara lanek. Lehena Bidez Bide eta Hiruki Filmak ekoiztetxeen babespean ondu du zinemagile iruindarrak. Emakume zaintzaileen errealitate deserosoa deskribatuko du bertan, ezberdintasun estrukturalak, eta protagonistek aurre egin behar dituzten hutsune legal eta moralak jasoz. Bestetik, gasteiztarrak 1960ko ekainaren 27an Donostiako Amara tren geltokian eztanda egin zuen bonba baten ondorioz hil zen Begoñaren (20 hilabete besterik ez zituena) kasua aztertuko du Área Audiovisual eta  Euskal Telebistaren ekoizpena den filmean, inoiz argitu ez dena.

Sail ofizialeko hiru proiektu euskal herritarrak mundu osotik ekarritako beste hainbatekin izango dira ikus-entzuleen saria eskuratzeko lehian. Guztira, 26 film luzek osatuko dute sorta, eta Agnieszka Holland eta Nuri Bilge Ceylan zinemagile entzutetsuebenak daude, besteak beste, sortan.

Film laburren atalean, aldiz, 19 lan erakutsiko dituzte, eta horien artean Koldo Almandozen Anteparaíso, Ekain Irigoienen أوروب / Europa, Kote Camachoren Puzzleak (Bortxaketaren jauregia), eta La mujer ilustrada (Isabel Herguera) lehiatuko dira. Bestalde, Annemarie Jacir zinegileak komisariatuta, Palestinako film laburren hautaketa programatuko dute, Hiam Abbas aktorearen bizitzaren kontakizuna biltzen dituena.

Festibala agurtzeko, ospatu berri duten Malagako Zinema Jaialdian Kritikaren Epaimahaiaren Sari Bereziarekin aitortu duten Nina (Andrea Jaurrieta) erakutsiko dute, lehiaz kanpo. Aurretik, Elías Querejetak ekoiztutako eta klasiko bilakatu den Barrio (1998) ere pantailaratuko dute jaialdiaren lehen egunean. Fernando León de Aranoa zuzendariak Giza Eskubideen Zinemaldiaren Saria jasoko du saioan, eta filmaren emanaldiaren ostean hitza hartuko du. Irekiera-ekitaldiko filma, baina, Benito Zambrano zinemagile andaluziarraren El Salto izango da.

Jarduera paraleloak

Hiru filmek osatuko dute Tabakaleran ikusgai izango dien Zinema eta Memoria zikloaThe Mother of All Lies (Asmae El Moudir, 2023), Subject (Jennifer Tiexiera eta Camilla Hall, 2022) eta Dieu est une femme (Andrés Peyrot, 2023)-, eta Antzoki Zaharrean hiriko ikastetxeentzat emanaldi bereziak egngo dira, 9 guztira. 20.0000 erle espezie (Estibaliz Urresola, 203), Kurrin (Mascha Halberstad, 2022) eta Dounia eta Alepoko printzesa (Marya Zarif eta André Kadi, 2022) dira auekratutako filmak, eta  gida didaktikoak prestatu dituzte.

Jaialdiaren programazioaren barnean lau erakusketa – 26. Luis Valtueña Nazioarteko Saria; Pakistan: Indusen ibaibideak; Artea eta giza eskubideak, haur eta gazteen 20. Ekitaldia; eta Baloreak-, MUGI TÚ giza eskubideei buruzko online jokoa, Esapñul umorezko bakarrizketa, eta Amnistia Internazionalak antolatutako mahai-ingurua gehitu dituzte. Ohi bezala, Kresala Zineklubarekin lankidetzan saio berezia egingo dute; apirilaren 8an (astelehena) The Tower (Mats Grorud, 2018) animaziozko filma emango dute Principe Zinemak aretoan, doan.

Sarrerak

Donostiako Giza Eskubideen 21. Zinemaldiko saioetara bertaratzeko sarrerak apirilaren 5ean jarriko dituzte salgai, 11:30etik aurrera, Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan zein Donostia Kulturaren webgunean. Doako emanaldietarako gonbidapenak egun berean jarriko dira eskuragarri.

Ezagutu egitaraua, hemen.