Pájaros (Pau Durá)

Komedia | Drama | Roadmovie

Colombok 24 orduko zerbitzua ematen duen garaje batean egiten du lan, eta marihuanarekin txapitxeoan aritzen da bertan jasotzen duen soldata kaskarra osatzeko. Mario, aldiz, ustekabean garajera helduko den tipo bitxia da, hegazti zalea.

Hizketaldi labur baten ostean, Colombori txoferra lana eskainiko dio, Costa Brava aldera kurriloak ikustera egin nahi duen bidaian joateko. Baina helmugara iristean, hegaztiek Errumaniako Danubio ibaiaren deltarantz migratzeko norabidea aldatu dutela azalduko dio gidariari eta, ezinbestean, bertara heldu behar duela.

2024 | Malagako Nazioarteko Zinemaldia: Aktore Onenaren saria (Luis Zahera)

.

.

Wicked Little Letters (Thea Sharrock)

Comedia | Intriga | Drama

20. hamarkada. Littlehampton kostaldeko hirian, Edith Swan debotoa eta herriko beste biztanle batzuk hizkera xelebre bezain lizunez idatzitako gutun eskandalagarriak jasotzen hasi dira. Biztanleen berehalako susmo eta aurreiritziek Rose Gooding auzokide oldarkorraren eta askearen gain jarriko dute fokua, eta honek bere askatasuna eta alabaren zaintza arriskuan ikusiko ditu egun batetik bestera.

Gutunek herria suntsitzen jarraitzen duten bitartean, Gladys Moss polizia-agenteak bere zorroztasuna lanean jarriko du misterioa konpontzeko eta nahaste horren guztiaren benetako erruduna harrapatzeko.

.

.

Mayday Club (Hafsteinn Gunnar Sigurðsson)

Komedia

Indar berezietan aritutako beterano bat, higiezinen sustatzaile bat, influencer delako bat eta sortzaile digital bat ikastaro berezi batera bidaltzen dituzte, hegan egiteko duten beldurrari aurre egin diezaioten. Ikastaroak Londrestik Islandiara doan hegaldi bat barne hartzen du, baina esperientzia lazgarri bilakatuko da, herrialde urrun hartan galduta, izoztuta eta izututa, guztien artean beren beldurrei aurre egiteko modua aurkitu beharko dutenean. Alegia, elkarrekin lan egin hegoak zabaldu eta hegan egiteko.

.

.

The First Omen (Arkasha Stevenson)

Beldurra | Thrillerra

AEBko neska gazte bat Erromara bidaliko dute Elizari zerbitzua ematen hasteko. Bertan, ordea, iluntasun beldurgarri batekin egingo du topo, zeinak zalantzan jarriko duen bere  fedea eta gaizkiaren haragitzea eragitea espero duen konspirazio beldurgarri bat ezagutaraziko dion.

 The Omen / La profecía (1976) filmaren prekuela gisara aurkeztutako proiektua.

.

.

Matusalén (David Galán Galindo)

Komedia

“Zahartzea saihestezina da; heldu bilakatzea, aldiz, aukerakoa”. Horixe da film honen protagonistak jarraitzen duen arau bakarra: Alber rapero bat da, aitarekin egindako apustu bat medio, 44 urterekin unibertsitatean matrikulatzen dena. Izan ere, irakasgai guztiak gainditzen ez baditu, betiko utzi beharko du rapa inprobisatzearen “tontakeria hori”.

Unibertsitatean, Amaia irrati esatari eta irakaslearekin elkartuko da, eta bere bizitzari oinarrizko osagaia -maitasuna- falta zaiola deskubrituko du hari esker. Gurasoek umetzat eta ikaskideek aitonatzat jotzen duten eta berrogeiak pasatxo dituen rapero  baten istorioa da hau: unibertsitatera bidali zuten alda zedin, eta bera izan zen beste guztiak aldatu zituena.

2024 | Malagako Nazioarteko Zinemaldia: Aurrestreinaldia

.

.

Sur les chemins noirs (Denis Imbert)

Drama | Gertakari errealetan oinarritutako istorioa

Pierre idazle ospetsua da, muturreko esperientzien eta bakarkako bidaien aldeko joera handikoa. Beti egin du dena bere erara, komeni zitzaionean eta nahi zuenarekin, baina mugek bere askatasuna mehatxatzen zuten bakoitzean, hobekien egiten dakiena egiten zuen: ihesa. Mozkorraldi arratsalde batean, eraikuntza baten fatxadan gora igo eta erorikoa izango du. Istripuaren eraginez, koma sakonean igaroko du denbora bat.

Ospitaletik irtetean, denen aholkuen kontra, Frantzia zeharkatuko duen ibilaldi bat abiatzea erabakiko du, Proventzatik Mont Saint Micheleraino, Frantziako eskualde latz, hezigaitz eta ederretako bide ahantzietan zehar.

.

.

Freelance (Pierre Morel)

Ekintza | Komedia

Mason Pettits, indar berezien agente ohia, bulegoko lan aspergarri batean harrapatuta dago. Gogoz kontra, Claire Wellington kazetariari segurtasun pribatua emateko enkargu bat onartuko du, Juan Venegas diktadore errukigabea elkarrizketatzen duen bitartean. Hain zuzen ere, bere bizitzako primiziarik onena lortzear dagoenean, kolpe militar bat lehertuko herrialdean. Bizirik atera nahi badute, hirukote berezia hiltzaileei, oihanari eta beren buruei aurre egiteko prestatu beharko da.

.

.

Johnny Puff: Misión secreta (Néstor F. Dennis)

Animazioa

Johnny Puff eta bere lagunek misio sekretu bati ekingo diote, Taigasvilleko lurraldea Otto Von Walrusen asmo gaiztoetatik salbatzeko.