Zinemarako zerga-pizgarrien araudi berriaren xehetasun guztiak ulertzeko lantegia eskainiko du APIKA – Arabako Ikus-entzunezko Ekoizle Burujabeen Elkarteak. Apirilaren 17an finkatu dute hitzordua, 9:00etatik 13:00etara, HIBRIDALAB – Arabako Berrikuntza Ireki eta Sormen Transferentziarako Zentroan.

Arabako Foru Aldundiak abendu amaieran jaso zuen Bruselaren oniritzia: duela urtebete ingurutik Bizkaian dituzten kenkari fiskalak aplikatu ahalko dira ere lurraldean. Europako Batzordeak aste batzuk atzera argi berdea ematen zuen komunikatu bat helarazi bazuen ere, 2023aren itxieran jaso zuen foru erakundeak jakinarazpen ofiziala. Aldundiak «prozesu» bati ekin zion orduan, «sormenaren eta ikus-entzunezkoen industriarako pizgarri fiskal berriak» ezarriko dituen foru-arau bat onartzeko.

Hala, aurrerantzean, filmak eta telesailak filmatzeagatik kenkariak %50 eta %60 artekoak izango zirela iragarri zuten, beti ere, lurraldean egindako gastuaren arabera aplikatuko zirenak. Gainera, euskarazko ekoizpenen kasuan, konpainiek %70eraino desgrabatuko luketela azaldu zuten.

Bada, zinemarako zerga-pizgarrien araudi berriaren xehetasun guztiak ulertzeko funtsezko tailerra eskainiko duela iragarri du orain APIKA – Arabako Ikus-entzunezko Ekoizle Burujabeen Elkarteak. Onartzean dagoen zerga-pizgarria xehe azalduko dute bertan, Foru Aldundiko Ogasun Saileko teknikariaren azalpenekin, bai eta bertaratutakoen artean sor daitekeen edozein zalantza edo kontsulta argitu ere.

Ikus-entzunezko ekoizleei zuzendu diete bereziki ikastarora gerturatzeko deia, haien jardunerako ezinbestekoak dira kontzeptu eta aferak landuko direlakoan. Hala, datorren apirilaren 17an finkatu dute hitzordua,  09:00etatik 13:00etara, HIBRIDALAB – Arabako Berrikuntza Ireki eta Sormen Transferentziarako Zentroa.

Parte-hartu nahi duten profesionalek, helbide honetara idatziz baieztatuko beharko dute beren asmoa: apika.asociacion@gmail.com