Apirilaren 5ean (ostirala), Robot Dreams eta Sultanaren ametsa animaziozko filmak zuzendu dituzten sortzaileak elkartuko dira Donostiako Santa Teresa komentuan. 19:00etan hasiko dute saioa eta sarrera doan da.

zinemagileen arteko elkarrizketak-berger-herguera-zinea

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuak, Koldo Mitxelena Kulturunearekin elkarlanean antolatua, hirugarrenez ospatuko da Zinegileen arteko elkarrizketak zikloa, Donostian. 2024ko lehen seihilekoan gauzatuko dira enkontruak, eta berriki estreinatu edota estreinatzear dauden proiektuekin lotutako gonbidatuak hartuko ditu. Zazpi saiok osatuko dute programa, eta Donostia Zinemaldiaren Z365 atalaren zein Elias Querejeta Zine Eskolaren partaidetza izango du.

Zinema ikasle zein zaletuei zuzenduta dago zikloa, eta zinemagileak beren ohiko kolaboratzaileekin elkarrizketan arituko dira, film baten ekoizpenaren eta errealizazioaren ikusten ez diren alderdiak hobe ulertzeko gako berriak emateko. Gipuzkoako Foru Aldundian egin dute egitasmoaren aurkezpena, eta Goizane Álvarez Kulturako diputatuak “Gipuzkoa zinemaren mundu liluragarrian murgiltzeko aukera” dela nabarmendu du. Parte-hartzaileen aniztasuna aldarri, egungo panorama zinematografikoaren aberastasuna islatzeko aukera eskainiko du Zinegileen arteko elkarrizketak zikloak, bada, Euskal Herriko zein Espainiako Estatuko profesionalen topagune izango da.

Animaziozko zinema hizketagai

Ostiralean, apirilaren 5ean, 2023an Euskal Herrian ekoiztu diren animaziozko bi film luze arrakastatsuenen sortzaileak elkartuko dira Donostiako Santa Teresa komentuan, 19:00etan: Pablo Berger bilbotarra eta Isabel Herguera donostiarra. Saioa doako izango da, baina adierazi dutenez, lehentasuna izango dute ziklo osoa jarraitzeko matrikula egin dutenek.

Oscar saria irabazteko zorian izan den Robot Dreams zuzendu du Bergerrek, besteak beste, Lokiz Films ekoiztetxe nafarraren babesa duen proiektua. Dogen, Manhattanen bizi den txakur bakartiaren, bizipenak ditu oinarri. Izan ere, egun batean robot bat eraikitzea erabakiko du, bere laguna izan dadin. Bien arteko adiskidetasuna handituz joango, udako gau batean, Dogek laguna agurtu beharko duen arte.

Cannesen aurkeztu ostean, Annecyko jaialdian Contrechamp Sari Handia eskuratu zuen; gerora, Toronto, Sitges eta Sevillako zinemaldietan erakutsi dute Robot Dreams. Berriki Europako Zinemaren Akademiak goratu du ere.

KRITIKA | SULTANAREN AMETSA: Milaka isilune

Bestetik, Bangladeshko Herri Errepublikan jaiotako Begum Rockeya Hossainek 1905ean idatzitako ipuin bat du oinarrian Hergueraren Sultanaren ametsa opera primak; Donostia Zinemaldiko sail ofizialean lehiatu den lehen animaziozko film europarra izan da. Hain zuzen ere, Euskal Zinemaren Irizar sariarekin aitortu zuten 71. edizioan, eta ordutik nazioarteko bideari ekinda aritu da, filma han eta hemen aurkeztu, eta mundu osoan zehar errekonozimendua jasotzen.

Amets egiteko gai ez den Ines gazte donostiarra du filmak protagonista. Ezustean, Sultanaren ametsa liburua topatuko du, non Emakumeen Lurraldea deskribatzen den. Bertan, emakume guztiak zientzialariak dira eta botere osoa dute, eta gizonak, beren ezjakintasuna dela-eta, etxean giltzapetuta daude. Literatura utopiko feministaren obra klasiko honek eta haren autore Begum Rokeya Hossain idazle eta aktibista musulmanak txundituta, Inesek Indian zeharreko bidaia iniziatiko bati ekingo dio autorearen urratsen atzetik, Emakumeen Lurraldearen bila.