Euskal ekoizpena duten sei proiektu bultzatzeko asmoz, jardunaldi berezia egingo dute apirilaren 10ean, zinema dokumentalaren nazioarteko merkatu garrantzitsuenetarikoa denaren abaroan.

sunny side-mentoring-zinea

Zinema merkatuaren 35. edizioa ekainaren 24tik 27ra bitartean ospatuko bada ere, Sunny Side Of The Doc-ek euskal ekoizpenak bultzatzeko asmoz atondutako mentoretza jardunaldi berezia iragarri du apirilaren 10erako. Zineuskadi eta Basque Audiovisual markarekin elkarlanean antolatuta, sei proiektu aurkeztuko dira.

Zinema dokumentalaren nazioarteko adituek gainbegiratuko dituzte horiek -Andrea Hock edota Stephanie Fuchs (Autlook Filmsales GmbH. Austria) eta Hedva Goldschmidt (Go2Films. Israel)-, eta ekoiztetxeetako kideek debateetan parte hartzeko aukera izango dute.

Jarraian dituzue erakutsiko diren sei proiektuak:

  • All The Roads / Bide guztiak, Iratxe Fresneda (Pimpi & Nella Films, Marmoka Films)

Annemarie Schwarzenbachek eta Marianne Breslauerrek Europan zehar egindako bidaia erretratatuko du, 1933ko udaberrian. Bilaketak eta bizitzarekiko jakin-minak elkartutako bi emakumeren begiraden aztarnak berreraikiko ditu dokumentalak.

  • Resistant, Bego Zubia (Elhuyar)

Zientzialariek, abeltzainek eta medikuek indarrak batuko dituzte antibiotikoei erresistenteak diren bakterien aurka. Trafiko istripuek baino jende gehiago hiltzen dituen pandemia da (eta 20250ean minbiziak baino gehiago hilko ditu).

  • No Rain No Rainbow, Erlantz Mata Álvarez (Ametza Films)

Donnay anaiek herrialde asko bisitatu dituzte urteetan zehar. Bidaiatzea tokian tokiko bizitza, jendea eta horien ametsak ezagutzeko bidea dute, eta aurkitutako pertsonak lagun bilakatu dituzte.

  • Sintrópica (Konzéntrica Films)

Jaime Otero instruktore eta laborri galiziarrak Iberiar Penintsulan zehar egingo du bidaia, nekazaritza sintropikoari buruzko tailerrak emanez. Gaur egungo nekazaritzari buruzko hausnarketak eta irtenbide sostengarriak ezagutuko ditugu, arrakastatsu izan direnak.

  • The Williams (Kanaki Films)

Etorkin askok erreferentziazko pertsonak izaten dituzte ispilu; ez dira hemengoak, ezta hangoak ere. Williams anaiak, ghanatar jatorrikoak, Athletic Club futbol taldeko jokalariak dira, eta beren familiaren historiari begiratuko diote orain.

  • Txilardegiren egunkari ezkutua, Kote Camacho (Komiki Films)

Zinegile berri batek euskal kulturaren intelektualik handienetakoa deskubritu du: Txillardegi ezizenaz sinatzen duen ekintzailea. Frankismoko urte ilunetan, klandestinitatean igaroz, idazle eta hizkuntzalari honek erabiltzen dugun euskara batuaren oinarriak ezartzea lortu zuen, historia akademikoak eta instituzioek ahaztu nahi dutena.