Oskar Alegria nafarraren azken proiektua, Zinzindurrunkarratz (2023), Festival du Cinéma Espagnol de Nantes jaialdiko Film Dokumental Onena izendatu dute asteburuan. Arantxa Echevarria bilbotarraren Chinas (2023) ere ageri da palmaresean.

Euskal Herrian eta Espainiako lurraldean ekoiztutako lan onenak erakutsi ohi dituen Festival du Cinéma Espagnol de Nantes jaialdiak martxoaren 22tik apirilaren 1era bitartean ospatu berri du 33. edizioa. 2024ko egitaraua aurkeztu zuen Pilar Martínez-Vasseurrek azaldutakoaren arabera, batez ere emakumeek zuzendutako lanak gailendu dira bertan, sexualitatea, heziketa patriarkalak ezarritako rolak eta istorio autobiografiko zein soziologikoak jorratu dituztenak. Horien artean, euskal proiektu ugari.

Esaterako, Jaione Cambordaren O Corno, Arantxa Echevarriaren Chinas eta baita Victor Iriarteren Sobre todo de noche ere, fikziozko filmei eskainitako sailean. Estibaliz Urresolaren zinemagile laudioarraren 20.000 erle espezie lan arrakastatsua, aldiz, lehiaz kanpo erakutsi dute, Itsaso Aranaren Las chicas están bien filmarekin batera.

Dokumentalen atalean, berriz, Oskar Alegriaren hirugarren ez-fikziozko obra pantailaratu dute, Zinzindurrunkarratz, eta opera primen lehiaketan Basque Films ekoiztetxe bilbotarraren babesa daukan Upon Entry (Alejandro Rojas eta Juan Sebastián Vásquez) thriller psikologikoa ezagutu dute zinemazale frantsesek. Film laburrei dagokienez, bi izan dira erakutsitako euskal ekoizpenak: El rey de la semana (David Perez Sañudo) eta To Bird or Not to Bird (Martin Romero).

Animazioak tarte berezia izango du aurten. Oscar saria irabazteko zorian izan den Robot Dreams-en arrakastari helduz, eta zinema espainiarrean baliabideak izan duen gorakada aprobetxatuz, hainbat lan erakutsi dituzte. Pablo Berger bilbotarraren obrak bidelagun izango ditu Unico ekoiztetxearen babesa duten To Bird Or Not To Bird,  Decorado eta Unicorn Wars. Basque Filmsen ekoizpena den Psiconautas eta Isabel Hergueraren La mujer ilustrada film laburrak zein Raul de la Fuentek Damian Nenowekin batera egokitutako Another Day of Life lanek osatudute zikloa, besteak beste.

Fenetre Basque

Urtero legez, sail ofizialetan parte hartuko duten ekoizpenez gain, euskal zinemagintzak leiho propioa izan du Festival du Cinéma Espagnol de Nantes jaialdian. Etxepare Euskal Institutuaren laguntzari esker, gaurko eta atzoko filmak uztartu dituzte. Goian aipatutako lanei Negu Kolektiboaren Negu hurbilak lehen fikziozko film luzea, Felix Viscarret nafarraren Una vida no tan simple, eta Bertha Gaztelumendik eta Rosa Zufiak zuzendu eta hogei euskal zinemagile protagonista dituen eta horiek egindako lanaren errepasoa dakarren Arnas betean dokumentala gehitu zaizkie.

Gainera, 2023ko KIMUAK bilduma eskainiko dute ere, ondoko film laburrak jasotzen dituena: El rey de la semanaLa mujer ilustradaSorbeltza , Prioridades , El aprendiz, Deadly Draw / Sorteo Mortal eta Ximinoa.

Hlaber, Victor Erice zinemagile karrantzarra izango da 2024ko festibaleko omendua, eta Cerrar los ojos itzulerako lanaren harira programa berezia atondu dute.

Palmaresean aitorturiko lanak

Bada, programazioan ez ezik, palmaresean ere ageri dira euskal lanak. Oskar Alegria nafarraren azken proiektua, Zinzindurrunkarratz (2023), izendatu dute Film Dokumental Onena (irakurri kritika, hemen) eta Arantxa Echevarria bilbotarraren Chinas (2023) lanak eskuratu du Epaimahai Gaztearen Saria (irakurri kritika, hemen).

Era berean, Jaione Camborda donostiarraren O Corno (2023) filmak ere Epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso du (irakurri kritika, hemen).