Bederatzi film eta ikus-entzunezko bi instalaziok osatzen dute Komisariotzako ikasle taldeak antolatutako programa, eta apirilaren 9tik 14ra bitarte luzatuko da.

Elias Querejeta Zine Eskolako Komisariotza adarreko ikasleek Irla mortu bat. Zinema programa bizigarri bat programa publikoa antolatu dute Donostian, apirilaren 9tik 14ra. Tabakalera – Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa eta EQZEren artean antolatutako ziklo honek bederatzi film jasoko ditu zinema aretoan egingo diren sei saioetan, eta ikastetxeko ikasleek ekoitzitako bi instalazio.

Irla mortu batera iristeak zerikusia du berriro hastearekin, aukera berriak esploratzearekin. Zer espero dugu kontinentetik urrun? Bakardadearen larritasuna? Askapenaren ametsa? Ziklo honetan erakutsiko dituzten filmk galdera horiei erantzuna emateko saiakera izango dira, ikusleak bizileku jakinen, elkar bizitzaren, isolamenduaren eta elkar aurkitzearen inguruan hausnartzera gonbidatuz.

Apichatpong Weerasethakulen Blissfully Yours (2002) filmak abiatuko du programa apirilaren 9an. 35 mm-tan proiektatuko da, jatorrizko hizkuntzan, euskarazko eta ingelesezko azpidatziekin. Hilaren 10ean, aldiz,  Operai, contadini (2001) emango dute, Daniele Huillet y Jean-Marie Straubena.

Bina saio bikoitzek emango diote jarraipena apirilaren 11n: lehenik, Maximilian Bungartenen The Age of Innocence (2022) eta Luis Esguerra EQZEko bosgarren promozioko ikaslearen Tú me hiciste ver el cielo (2023). Ondoren, Helena Girón eta Samuel M. Delgadoren Bloom (2023) eta Sílvia das Fadasen A casa, a verdadeira e a seguinte, ainda está por fazer (2018). Bigarren saioak Das Fadas bera izango du gonbidatu berezia eta, filma aurkezteaz gain, 16 mm-tan proiektatu egingo du.

Hilaren 12an egingo dituzte azken bi saioak. Lehenengoan, Miryam Charlesen Vole, vole tristesse (2015) eta Rhayne Vermetteren Ste. Anne (2021) filmak erakutsiko dituzte, eta itxierako emanaldian, Sharon Lockharten Eventide (2022).

Bestalde, instalazio osagarriei dagokienean, Donostiarekin eta inguruko lurraldeekin lotura zuzena duten irlak izango dituzte oinarri. Esaterako, Deva Peredaren Lika ikus-entzunezko instalazioa (EQZEko bosgarren promozioko ikaslea da) Bidasoa ibaira eta mugara hurbilduko da, begirada Faisaien Uhartean finkatuta, Espainia eta Frantziako gobernuek jabetza partekatuan duten uhartean, alegia.

Sarbidea eta sarrerak

Era berean, Ana Julia Silvinoren ODOYÁ EZ DAGO! soinu instalazioa (EQZEko ikaslea da egun) Santa Klara uhartean egindako entzute aktiboko ariketa bat da, ikusten ez denari eta hautematen den gorputz etorkinari buruzko fikzio espekulatibo bat.

Programa luzatuko den asteartetik igandera, Lika Tabakalerako 2 Nabean egongo da ikusgai, 16:00etatik 20:00etara. ODOYÁ EZ DAGO!, berriz, plazan, beheko solairuan, igogailuen parean, eraikina zabalik dagoen bitartean. Doako sarbidea izango dute biek, eta artista egileek elkarrekin aurkeztuko dituzte, apirilaren 10ean, 17:30etatik aurrera. Emanaldietarako sarrerak, aldiz, Tabakaleraren webgunean eta leihatilan eskuratu ahal izango dira, 4 eurotan.

Ikusi programa xehe, HEMEN.