Lander Garrok zuzendutako eta Izar Films zein Labrit Multimedia taldeek ekoiztutako Bi urte, lau hilabete eta egun bat (2020) dokumentala EITBren PRIMERAN plataforman ikus daiteke jada.
Eta zuk, zergatik sakrifikatuko zenituzke zure bizitzako 2 urte, 4 hilabete eta egun bat? Erresistentzia eta desobedientziatik, 1990ko hamarkadan hainbat gaztek gorpuztutako intsumisioaren aldeko mugimendua du hizpide filmak. Hala, derrigorrezko soldaduskaren aurka borrokatu ziren 6 lagunen istorioa kontatuko du: denak giltzaperatu zituzten soldaduskari uko egin izanagatik, eta denek nahiago izan zuten kartzela ejertzitoa bainoago.
Izan ere, arrazoiak soberan izan zituzten intsumiso izateko: bakezaletasuna, pentsaera anarkista, abertzaletasuna edota sinesmen erlijiosoak. Ezberdinak denak ere, baina guztiek erakutsi zuten ausardia eta tema handia, harik eta Estatuari borroka irabaztea lortu zuten arte. Bada, filma beren militantziari eskainitako memoria ariketa da, omenaldi xumea.
Irakurri Ixone Santamariak ZINEAn idatzitako kritika, HEMEN.
2020ko irailean estreinatutako lan honek, orotara, sei aste luze eman zituen karteldegian; eta, horrekin batera, hainbat hiriburu eta herritan ere aurkeztu zuten. Halaber, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian izan zuen aurkezpen nagusia, urte bereko ekainean.
Derrigorrezko zerbitzu militarraren kontrako mugimenduaren azterketa politiko, sozial eta intimo gisara aurkeztu zuen Lander Garro zuzendariak, Izar Films zein Labrit Multimedia taldeen ekoizpena izan zuen lagun.
Filma modu irekian ikus daiteke jada EITB taldearen PRIMERAN streaming plaforman: https://primeran.eus/m/bi-urte-lau-hilabete-eta-egun-bat